Paulette Gombarik: "Urtebeterako etorri ginen; 66 egin ditut jada hemen"

Berria (Amagoia Iban) 2008ko ira. 8a, 14:09

Paristarra da Paulette Gombarik, eta 1942an Azpeitira etorri zen bizitzera. Frantsesa erakutsi izan du, eta etxea umezurtzentzat egokitu zuen

Berria egunkariak Igandea gehigarrian elkarrizketa argitaratu du

Lau hamarkada egin ditu frantsesa bere kontura erakusten. Erretiroa hartuta dauka. Memoria egiteko tartea ere bai. II. Mundu Gerrari haur begiekin begiratu zion aurpegira, frankismoari Azpeitian (Gipuzkoa) hartu zion antza, aita organogilearen eta ama jostunaren ondoan. Bakarrik bizi da orain, bere 73 urteetako begiradarekin.

Amaren josteko makina eta aitak ezkondu aurretik egindako aulkiak. Ez da Paulette Gombarikek (Paris, 1934) etxean gordeta dauzkan oropitzapen bakarrak. Aitaren paperak, amaren senideek bidalitako gutunak… burua bezain bizkor darabil gorputza. Ez du elkarrizketarik egin nahi, hala ere. "Ez nuke nabarmendu nahi; benetan, nire bizitzak ez dauka ezer interesgarririk". Halako lotsaizunez esan du, baina lotsa handiagoa eman dio etxeraino heldu zaizkion kazetaria eta argazkilaria esku-hutsik bidaltzea. "Ene, inork ez du irakurriko!", irakurtzeko grinagatik jatea ere ahanzten omen duen emakume honek.

Parisen jaioa zara, baina Gombarik ez da abizen frantsesa, ezta?

Ez. Gure aita —Jan zuen izena— eslovakiarra zen. Ama, berriz, txekiarra. Terezie Kypta zuen izena. Parisen ezagutu zuten elkar. Organogile ofizioa ikasita joan zen Frantziara gure aita, organo mekanikoarekin. Oso elektrizista ona zen, eta gehiago ikasi nahi zuen. Horregatik joan zen Parisera, eta halaxe ikasi zuen organo elektrikoak egiten. Organo elektronikoak egiten ere ikasiko zuen geroago.

Harremanik ba al duzu zure gurasoen herrialdeekin?

Bai. Hango senideekin daukadan harremanari eusten diot. Gutunak bidaltzen dizkiogu elkarri, telefonoz hitz egiten dugu, eta aldizkaria jasotzen dut Bratislavatik. Ahal izan dudan guztietan, handik etorritako gutxiekin harremanetan sartzen saiatu izan naiz. Hemen oso gutxi ezagutzen dute Europa erdialdea. Askoz gehiago dakite hangoek hemengoari buruz, hemengoek hangoari buruz baino. Espainia oso itxia izan da Europarekiko frankismo garaian, eta baita Txekoslovakia bera ere, Errusiaren satelite izan ziren garaietan, eta ez da iritzi gurutzaketarik egon. Orain askoz bidaia gehiago egiten da. Neu bi aldiz izan nintzen han, amarekin. Uste dut oso ona dela harreman horiei eustea.

Parisekin ere harreman bera al daukazu?

Ez, han ez daukadalako inor. Paristarra naiz, bost urte egin nituen han bizitzen, baina halaxe suertatu dira gauzak. Hala ere, irratiz entzuten dut hangoen berri.

Hemengoen berri izaten ere saiatzen al zara?

Bai. Hemen bizi naizelako eta ondo informatuta egotea gustatzen zaidalako. 66 urte daramatzat jada hemen. Txekoslovakiara joango banintz oraintxe bertan, arrotz sentituko nintzateke han, egia esaten dizut. Han dut familia, baina ni ez naiz han bizi. Hiru urte eta erdi neuzkala joan nintzen hara lehen aldiz, gurasoen senideek ezagut nintzaten. Luzeago egotekoak ginen han, baina aitak telegrama bidali zigun, ahalik eta azkarrena itzul gintezen. Halaxe egin genuen, eta berehalaxe lehertu zen gerra, aita frontera joan zen eta Paris okupatu zuten. Txekiera eta eslovakiera hitz egiten itzuli nintzen handik, eta frantsesa ahaztuta. Gurasoak oso abertzaleak zirenez, Txekoslovakian ikasitakoa ahazten ez zidatela utziko erabaki zuten, eta ama etxean hasi zitzaidan erakusten nola idatzi eta irakurri beren hizkuntzan.

Hitz egin dezagun zure haurtzaroko Paris hari buruz. Nola gogoratzen duzu?

Bonbardaketak gogoratzen ditut, sotora jaisten ginela, eta hegazkin alemanei eraikinak non zeuden jakitea zailtzearren beirak paper urdin ilunekin tapatzen genituela ilundutakoan. Bonben eta sirenen zarata ikaragarria izaten zen, oso gogoan daukat. Ez dut gogoan, hala ere, hainbesteko beldur sentsaziorik. Umea nintzen oso, eta ez ezazu gaizki ulertu, abentura kutsua ere hartzen nion hari guztiari, nolabait esatearren.

Aita ordurako frontera joana al zen, alemaniarren aurka borrokatzera?

Bai. Zauritu egin zuten, ordea, eta ospitale militar batera eraman zuten. Bihotza ukituta geratu zitzaion, eta etxera bidali zuten. Aita ez zegoen derrigortuta frontera joatera, atzerritarra zelako, baina bera joan egin zen. Txekiarrak eta eslovakiarrak beti egon izan dira inperio alemanaren menpe, horregatik joan zen alemanen aurka borrokatzera. Nahi zuten guztia egiten zuten gurean alemanek, nortasun, historia eta hizkuntza propioari eusteko eginahal askoren kontra aritu behar izan bazuten ere. Herri txikia da gurea, baina bereari eusteko gogo handikoa. Gure amak gogoan zeukan ume zela enpreadorea etorri zitzaiela behin haur eskolara, eta banderatxoa eman zietela ume guztiei haren aurrean astin zezaten. Hain sartuta zeuden alemanak Txekoslovakian, haur eskolatik lehen hezkuntzara jauzi egin orduko, alemaniarra ikastera behartzen zituzten umeak. Txekiar hizkuntza baztertuta zegoen. Horregatik, gure amak primeran ikasi zuen alemanez.

Gaztelu batean ere bizi izan zineten, gerra garaian.

Bai, Boreaun. Markes batena zen. Zaldiak, zerriak, untxiak, oilaskoak, antzarak, mahastiak, fruta arbolak… denetarik zegoen han, lur asko zeukan. Alemanen kontra gerra egitera joan ziren atzerritarren emazte eta alargunei ematen zien aterpe. Maistra bat ere bagenuen, eskolak gal ez genitzan. Oso oroitzapen onak ditut hango egonaldiaz. Ia bi urte egin genituen bertan. Aita gerratik itzuli zen halako batean; hementxe baleude bezala ikusten ditut gurasoak itzuli zen egun hartan, elkar besarkatzen, amaigabe…

Gabezia garairik latzena hastear zegoen.

Bai. Boreauko gaztelutik Lyonera joan ginen, eta behin baino gehiagotan aldatu behar izan ginen etxez. Alokairuan beti; oso egoera txarrean egon ohi ziren etxeak.

Zazpi urte egin arte, litro laurden esne gaingabetu jasotzeko eskubidea neukan. Gero, batere ez. Ama lanera joaten zen, eta lo hartzen zuen, ahuldadearen ahuldadez. Patata batzuk azal eta guzti erre, sakarina pilulatxo bat txikoria berotan urtu, eta hori zuen gosaria. Eta goizeko lauretan ilaran egon ohi zen, izotza egin ala ez, patata edo azenario batzuk ekartzearren. Igandeetan, gari ale apurren bila aritzen ginen garia moztu berri zuten sailetan. Igande batean, ale eskukada batzuk bilduta geneuzkala, makila eskuan zuela atera zitzaigun baserritarra, eta haiek ere kendu egin zizkigun. Gure amak kafe errotatxo batean ehotzen zituen gari aleak, irinarekin talo batzuk egin ahal izateko. Hori guztia ezagutu genuen. Gure amak hainbeste sufritu zuen urte haietan, hainbeste gose pasatu zuen, ezin izan zuen inoiz ume gehiago izan. Eta nahi zuten.

Eta nolatan heldu zineten Euskal Herrira?

Madrilgo organista batengatik. Ramon Gonzalez de Amezua izena zuen. Haren osaba sailik gabeko ministroa zen Francoren gobernuan. Azpeitian Amezua organo etxea zegoen, 1915etik. Baliteke Madrilgo organista bertakoen familia egitea. Kontua da gizon horrek teknikari bat nahi zuela hemengo langileen lana hobetzeko. Hemen bazuten organoen berri, baina organo elektrikoena ez. Parisko eta Lyongo etxe banarekin jarri zen harremanetan Gonzalez de Amezua. Paristik ez zuen jaso erantzun egokia, antza, eta Lyongo Convers etxeak gure aitaren berri eman zion. Aldi baterako lan eskaintza izan zen. Aitak onartu egin zuen. Hori bai, gazteleraz hitzik ere ez zekiela esan zion gizonari.

Eta Azpeitira heldu zineten.

Bai. Portboutik barrena, Irun itxita zegoelako. Doi-doi pasatu ginen hona. Zumarragan (Gipuzkoa) hartu gintuen Madrilgo gizonak. Organo etxean bazen etxebizitza bat, baina txukundu egin behar zen, aldi baterako gure egonaldirako. Artean ez genekien Espainia erabat itxita egongo zela urte luzez, eta hementxe segituko genuela. Urtebeterako etorri ginen; 66egin ditut jada hemen. Hiru hilabete egin genituen Hondarbide ostatuan. Bertako nagusiek oso ondo hartu gintuzten, eta gaztelera ikasi nahi zuenez, gure aitak Kixotea eta hiztegia erosi zituen. Organo etxea txukundu bitartean, ostatuan egoten ziren gurasoak, ahal zutenero elkarri lezioa hartzen eta Kixotea irakurtzen. 1942 amaieran organo etxera joan ginen bizitzera. Pixkanaka, Madrilgo gizon hau gure aitaren jakituriaren norainokoaz jabetu zen, eta tailerreko nagusi izatea eskaini zion. Urtebete igaroa zen, aitak Frantziara bueltatu nahi zuen, baina amak esaten zion han ez geneukala ezer, hara joatea okerrera egitea zela, gure etxea bonbardatuta zegoela. Altzariak justujustu atera ahal izan genituen Parisko etxetik, izan ere; hemen dauzkazu ikusgai [gauden gelatxoa eskuarekin bilduz]. Josteko makina horrekin irabazi zituen bere sosak gure amak, esate baterako. Ehundik gora urte dauzka.

Zuen ama jostuna zen, izan ere. Gpo joskintzakoa, gainera.

Bai. Nire amak gaueko soineko bat egin zion Luisa Ingalaterrako printzesari. Amak esan ohi zuen: "Urte asko biziko banaiz, nire bizitza nobelatua idatziko dut". Eta ez zion denborarik eman. Goi mailako bi jostun etxetan aritu zen, Parisen eta Lyonen. Bezero amerikar asko zeukan Parisen. Boreaun geundela, gure amak denentzat josten zuen, eta gure aitak argindarra sartu zuen etxalde osoan. A itari guztia josten zion amak, hasi galtzontzilloetatik eta gabardinaraino. Larruak-eta josten ere bazekien. Hona etorri zenean, herri osoa izan zitekeen haren bezero, baina hain zeukan osasun txarra, gure aitak esan zion: "Jostorratzak puskatu behar dituzu. Niretzat, zuretzat eta gure alabarentzat bakarrik josiko duzu hemendik aurrera". Eta halaxe egin zuen.

Aitak, berriz, ez zituen organogile tresnak puskatu. Makina bat lan egin zuen horretan.

Izugarri. Gure aitak eginak dira Mallorcako katedraleko organoa, Caracaskoa, Donostiako Artzain Onekoa —bost teklatukoa—, Urrestillakoa... Baita Francoren El Pardokoa ere; eta Bartzelonako Musika Jauregikoa. Familia Sakratuko (Bartzelona) tenpluan ere lan egin zuen, eta Zaragozako (Espainia) Pilarko basilikan, Tangerren, Frantzian... Gure aitak planoakegin eta lanak zuzentzen zituen. Egin beharreko lan guztiak puzzle bat bezala zatitu, eta muntatu beharreko tokian muntatzen zuten. Artisautza handiko lana da, ofizio askoren bilgune. Organoa oso tresna kapritxosoa da. Gure aitak andregaien pare jartzen zuen: "Aldare aurrean jarri eta baiezkoa jaso arte, ez zaude seguru".

Oso desberdina al zen hemengo bizimodua zuentzat?

Bai. Hau landa auzo txiki moduko bat zen guretzat. Gurasoek esan ohi zuten: "Non sartu gara gu, baina? Nola integratuko gara? Nola ulertuko ditugu?". Hemen, lana besterik ez zuten egin. Ez ziren politikan sartu. Hauteskunderik ere ez zen izaten.

Giro horretan, musikak zer garrantzi izan zuen zure bizitzan?

Handia. Eskolako koruan kantatzen nuen. Pianoa eta solfeoa ere ikasi nituen. Hala ere, irakurtzea askoz gehiago maite dut. Astean bitan-edo pianoa jotzen saiatzen naiz, aitak hainbeste ilusioz ordaindu zizkidan piano klaseak ez alferrik galtzearren, baina askoz gehiago ez dut egiten. Piano hauxe [aldamenean eserita dago] jotzen dut. Adiskide batek oparitu zion aitari.Organoek badute zati bat sekretuak izena duena. Pianoa oparitzean, hau idatzi zion lagunak aitari: "Gombarik adiskidearentzat, organoak ez dauka sekreturik".

Eta zenbateraino erakutsi zizkizun sekretu horiek aitak?

Bueno, batzuetan laguntzen nion. Organo barruan sartzen zen —afinatzailea ere bazen, izan ere—, eta nota bat eskatzen zidan, komeni zitzaion oktaban. Nik hura jo, eta organo barrua horren arabera moldatzen zuen. Lan horiek ordaindu egiten zizkidan. Aitarekin ikasi nuen organo bakoitzak nortasun propioa daukala, nortasun horretan inguruko detailerik txikienakere eragina izan dezakeela, eta zaindu egin behar dela, desafinatzen ere badakitelako.

Zeuk ere egokitu behar izan zenuen inguru jakin batera. Asko desafinatu al zenuen Azpeitian hasierako notak ateratzean?

Gogorra izan zen. Ni Karitatearen Alaben eskolan egon nintzen. Sor Mariak ziriarekin esaten zidan adi egoteko, hark hitzak nik errepikatzeko esaten zituela. Irakurtzen ere ikasi egin behar nuen, izan ere. Nire lehen aitortza egin ahal izateko, otoitzak buruz ikasi behar izan nituen, eta San Jose egunez egin nuen jaunartzea. Pixkanaka, hemengo bizitzara egokitzen joan ginen. Ikasketetan, batxiller ofiziala egin nahi zutenek Oviedora joan behar zuten azterketa egitera.

Zu frantsesean diplomatu zinen.

Bai, baina ez nintzen lizentziatu. Frantses hizkuntzan eta literaturan diplomatu nintzen, Angerseko unibertsitate katolikoan, atzerritarrentzako katedra baten barruan. Urtebete egin nuen lanik gabe handik bueltan. Inguruotako eskola guztietan eskaini nuen neure burua frantsesa irakasteko, baina inon ez zegoen lanpostu librerik. Etxera bueltatu nintzen, eta egunkarian iragarki bat jartzea erabaki nuen, frantsesa irakasten nuela aipatuz. Ordutik, ez naiz gelditu. Ia 40 urtean aritu naiz, mota guztietako ikasleekin: gizon, emakume, zahar, gazte eta haur. Hemen frantsesa irakasten zen garai hartan, ingelesaren sukarra sartzeko zegoen artean.

Pentsiorik ba al daukazu?

Beste askok bezalaxe, kontribuziorik gabeko pentsioa daukat; eta nire aurrezkitxo batzuk...

20 urtez beste etxe batean bizi izan zineten. Gurasoak hil ostean, etxe hartako goiko aldea familia arazoak zituzten umeen aterpe bihurtu zenuen.

Bueno, amak hil aurretik esan zidan ea ez al nuen pentsatu zer egin bakarrik geratutakoan. Haurrekin lan egiten zuten elkarte batzuekin jarri nintzen harremanetan, eta batekin lotu nintzen azkenean. Goian bizi ziren haurrak, ama lanak egiten zizkien emakume batekin, eta ni behean.

Inoiz ez al zenuen pentsatu zeuk ume bat adoptatzea?

Ez. Gurasoek hungariar ume bat ekarri nahi izan zuten Francoren garaian, baina ez zuten gauzatu ahal izan. Niri ez zait halakorik egitea bururatu izan. Konpromiso eta ardura handia da, bizitza osorako.

Gure gizarteak asmatzen al du gurasoekin- eta arazoak dituzten umeen egoerari erantzuten?

Neurri batean bai, borondate oneko jende asko dagoelako, laguntzeko prest. Konfiantza falta handia ere badago, ordea, umeekin trafikatu eta dirua irabazi izan duten elkarte eta gobernuz kanpoko erakundeen jardun okerraren ondorioz. Oso zaila da erantzuten galdera horri, denetarik dagoelako hor ere.

Motzean

Paris. Nire jaiotza.

Lyon. Nire lehen haurtzaroa.

Azpeitia. Nire bizitzaren gainerako parte guztia.

Familia. Txekoslovakian daukadana.

Gerra. Benetako kalapita jende andanarentzat.

Franco. Gauza batzuk oker egin zituen, bakarren batzuk zuzen egingo zituen. Diktadura bat gidatu zuen, bere alde txarrekin eta onekin. Nik politikan ez dut joera jakin bat izan.

Petain. Oso maitea, nire haur begiradatik, aitona gogorarazten zidalako. Aitonak mustaxa zeukan, izan ere, hark bezalaxe.

Bakea. Oso erlatiboa, toki guztietan daudelako gerrak, etxeetatik hasita. Asko erabiltzen den hitza da, baina oso bake gutxi dago benetan. Sute txiki asko daude piztuta hor zehar.

Euskal Herria. Eskertzen diot egin didan harrera. Erabat integratuta nagoela uste dut.

Jainkoa. Dena, horixe da niretzat. Oraintxe jarraitzen dudan bide bakarra harena da.

Uztarria herri aldizkariak 2008ko ekaineko zenbakian argitaratu zuen elkarrizketa Gombariki.