Maite Etxezarreta: "Anaia hasi zenean, neuri sartu zitzaidan eskalatzen hasteko gogoa"

Urola Kostako Hitza 2008ko ira. 8a, 11:09
Maite Etxezarreta eskalatzailea.

.18 urtez azpikoen mailan Euskal Herriko Eskaladako txapelduna da

Asteburuan bigarren egin du Asturiasen Espainiako Kopako bigarren proban

Maite Etxezarreta (Azpeitia, 1991) 13 urterekin hasi zen eskalatzen. Aurten Euskal Herriko Eskalada Txapelduna izan da 18 urtez azpikoen artean. Joan den asteburuan, Espainiako Kopako zailtasuneko txapelketako bigarren proban bigarren egin zuen. Harrian 7C+ maila dauka Etxezarretak.

Nolatan hasi zinen eskalatzen?

Anaia eskalatzen hasi zen eta bera ikusi eta eskalatzeko gogoa sartu zitzaidan. Mendia beti izan dut gustuko.

Non hasi zinen eskalatzen?

Kiroldegiko rokodromora joaten nintzen eskalatzen hasi nintzenean. Orain dela urtebete eskaladako lokalean izena eman genuen eta orain hara joaten gara batik bat. Baserriko ganbaran ere eskaladako txoko bat muntatu dugu eta askotan han ibiltzen gara anaia eta biok. Lehen kantera-ra ere joaten ginen eskalatzera, baina azkenaldian Araotz aldera gehiago joaten gara.

Blokean ez zara ibiltzen; bide luzeak nahiago dituzu, ezta?

Bide luzeak edota harria nahiago ditut. Pauso luzeak nahiago ditut motzak baino.

Eta batetik bestera mugitzeko nola konpontzen zara?

Entrenatzeko, batik bat Azpeitiko eskaladako lokalean ibiltzen naiz; Araotzera-eta anaiarekin autoan joaten naiz. Josebe Zarautz zumaiar eskalatzailea ere laguna dut, eta harengana autobusez joaten naiz. Bestela, Aste Santuan-eta anaiarekin mugitzen naiz kanpora.

Txapelketetarako nola prestatzen zara? Ba al duzu prestatzailerik edo zure kasa jarduten duzu?

Orain dela urtebete edo, Espainiako entrenatzaile batek entrenamendu bat jarri zigun, eta haren arabera prestatzen ginen. Aurten, Zumaian bizi den Esther Cruz eskalatzaileak prestatu digu entrenamendu plana. Izan ere, askotan eskalatzera joan eta ez genekigun zer egin entrenatzeko. Josebek Es-ther ezagutzen duenez, hari komentatu zion zer egin genezakeen, eta berak jarri zigun entrenatzeko plana.

Orain Espainiako Kopako probetan zabiltza. Asteburuan Asturiasen bigarren egin duzu. Gustura al zaude emaitzarekin?

Bai, gustura. Bigarren postua ona da. Eskalatzen neure burua ondo ikusi nuen, baina bukaeran akats batzuk egin nituen; bestela, gustura.

Azaroan Espainiako Kopako hirugarren proba jokatuko duzue.

Bai, hala da. Ea Euskal Selekzioak eramaten gaituen. 10-15 eskalatzaile elkartzen gara, eta Selekzioak furgonetak eta ostatua jartzen ditu. Haiek eramaten bagaituzte, joango gara.

Gainontzean, aurrera begira zer asmo dituzu?

Oraintxe ez dakit zer esan, batzuetan burutik pasatzen zait eskalatzea uztea... eta beste batzuetan jarraitzea.

Zergaitik uzteko burutazioa?

Nekagarria da egunero neure kabuz prestatu beharra; batzuetan astuna egiten da. Gainera, eskaladako lokalean neska gutxi ibiltzen gara, hiru bat-edo besterik ez.

Gorka Karapeto "gustura" Espainiako Kopan egindako lanarekin

Gorka Karapeto eta Maite Etxezarreta eskalatzaile azpeitiarrak onenen artean geratu dira Oviedon (Espainia, Asturias) asteburuan jokatu duten Zailtasuneko Eskaladako Espainiako Kopan. Karapeto hirugarrena izan da Gizonezko Nagusien mailan. Maite Etxezarreta, berriz, bigarren geratu da 18 urtez azpikoen mailan. Karapeto "gustura" dago Asturiasen egindako lanarekin: "Ondo joan zen txapelketa eta euskal ordezkariok emaitza onak izan ditugu".

Espainiako Kopako bigarren proba zen asteburuan jokatu dutena. "Jokatu ez jokatu, nahiko zalantza izan zen txapelketa hasi aurretik. Kanpoan jokatzekoa zen eta eguraldi txarra egiten zuen lehia hasi aurretik. Baina euririk ez zuen egin eta azkenean jokatu egin zen", kontatu du Karapetok.

Orain, Espainiako Zailtasuneko Txapelketako Kopako hirugarren proba jokatzea falta zaie. "Espainiako Kopa hiru probak osatzen dute; bi jokatu ditugu jada eta orain hirugarrena falta zaigu. Azkena, Madrilen izango da, azaroan edo", dio Karapetok.

Baina Espainiako Kopako azken probaren aurretik, Espainiako Txapelketa jokatuko dute; "txapelketa hori Sevillan (Espainia, Andaluzia) jokatuko da, datorren hilaren hasieran".

Txapelketetarako prestatzen

Azpeitiar eskalatzailea batik bat haitzean ari da datozen txapelketetarako prestatzen: "Eguraldi ona egiten duen bakoitzean haitzean jarduten gara, baina rokodromoetan ere ibiltzen gara prestaketa osatzeko".