Paleta, parekidetasunerako bide

Urola Kostako Hitza 2008ko ira. 5a, 13:09
Paleta ikastaroko irudi batzuk.

Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak, Udalarekin lankidetzan, paleta ikastaroak antolatu ditu emakumeentzat

Ikastaroan izena emateko epea hilaren 23ra arte egongo da zabalik

Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak, Azpeitiko Udalarekin lankidetzan, 18 urtetik gorako emakumeei zuzendutako paleta ikastaroak antolatu ditu, azaroan hasita. Egitasmoa, Emakumea Pilotari proiektuaren baitan jarri dute martxan; zehazki, partaidetzako kirolaren atalean.

Duela bi eta hiru urte ere antzeko ikastaroak egin zituzten Azpeitian. Antolatzaileek adierazi dutenez, orduan 25-50 urte arteko 15 lagun inguruk parte hartu zuten; "giro atsegina eta ikasteko gogoa nabarmendu ziren orduan". Orain martxan jarri nahi duten paleta ikastaroa haiei jarraipena emateko asmoarekin antolatu dute.

Azarotik ekainera bitartean

Paleta ikastaroko saioak azaroko lehen astean hasiko dira eta ekainera arte iraungo dute. Astean behin izango dira ordu eta erdiko saioak, Izarraitz pilotalekuan. Materiala irakasleak berak eramango du. Ikastaroan parte hartzeko 60 euro ordaindu behar dira.

Ordutegia aukeran jarri dute, norberak ondo datorkiona aukeratzeko; behin izena emateko epea bukatutakoan zehaztuko dute ikastaroa zein egunetan eta ordutan izango den. Aukerak hauek dira: astelehena, asteartea, osteguna edo ostirala, 09:00etatik 10:30era edo 10:30etik 12:00etara.

Paleta ikastaroan izena emateko epea zabaldu dute dagoeneko eta hilaren 23ra arte dago horretarako aukera. Izena, Azpeitiko kiroldegian edota 676055254 (Naroa) telefono zenbakira deituta eman behar da.