Aurrerapausoak Munoaundin

Urola Kostako Hitza 2008ko ira. 4a, 12:09
Goiko argazkian, Munoaundiko indusketa taldea lanean. Behekoan, topatutako aztarnak marrazten.

Abuztuan zehar egindako indusketa arkeologikoek duela 2.500 urteko gizakiaz gehiago jakiteko aukera eman dute

Neguan eskualdeko ikasleei zuzendutako material didaktikoa prestatuko dute

Munoaundi arkeologo, ikasle, historia lizentziatu eta boluntarioen lantoki izan da joan den abuztuan. Azpeitia-Azkoitia artekoBurdin Aroko herri harresituan egindako indusketekin, duela 2.500 urte inguruko gizakiaren bizimodua ezagutzeko aurrerapauso garrantzitsuak eman dira.

Duela bi urte, 2006an, hasi ziren lehen katak eta indusketak egiten. Aurtengoa hirugarren ekinaldia izan da, beraz, eta bi helburu nagusi izan dituzte.

Alde batetik, herri horretan duela 2.500en bat urte nola bizi izan ziren aztertzea zuten xede, horretarako etxebizitzak eta material arkeologikoak bilatzeko aterrazamendu eremuak aztertuz. Bestalde, herria inguratzen duten harresiak aztertzen jarraitu dute.

Garai honetako biztanleentzat aparteko garrantzia zuten babesak eta inguruko lurraldearen kontrolak. Horregatik, mendi garaiak aukeratzen zituzten herriak eraikitzeko. Munoaundiko txokoa, Urola ibaiaren ondoan kokatuta dago eta, toki gordea izanik, herrixka hau eraikitzeko leku aproposa zen, Aranzadikoen ustez.

Aurtengo emaitzak

Herria harresiz inguraturik dago ekialdetik izan ezik; izan ere malda malkartsu batek babes naturala eskaintzen dio alde honi. 2006. urtean mendebaldean harresiaren mendoitzarekin lotuta zeuden bi tontortxo industen hasi ziren. Aurten herrirako sarbidea eratzen zutela ziurtatu ahal izan dute eta, horretaz gain, albo banatara 12 metro luzeko harrizko bi egitura aurkitu dituzte, babesteko dorreak izan zitezkeenak. Horretaz gain, identifikatu dituzten hormek 2 metroko zabalera dute eta, beraz, garrantzi handiko eraikuntzak izango zirela uste dute Aranzadi Zientzia Elkartekoek.

Material arkeologikoaren artean aurkikuntza esanguratsuena harrizko errota baten zatia izan da. Dirudienez, Gipuzkoan ezagutzen ziren garai honetako errotak, barku formakoak hain zuzen, baina Munoandin aurkitu dutena errota zirkularra edo birakaria da; orain arte gure lurraldean ezezaguna zen errota mota, aurkikuntza garrantitsu egiten duena.

.2006tik lanean

Aztarnategiaren ikerketa arkeologikoa eta haren dibulgazio lana egiteko proiektu orokorra 2006. urtean jarri zuen martxan Aranzadi Zientzia Elkarteak. Aurten ere Aranzadi Zientzia Elkarteko Historiaurreko Arkeologia Saileko Sonia San Joseren zuzendaritzapean egin dituzte indusketa lanak Munoaundin.

Munoandiko ondarea guztion eskura jarriko dute Aranzadikoek

Munoaundiko Burdin Aroko herriarena, giza ondarearen gaineko ezagutza handitzeko aurkikuntza garrantzitsua da eta Aranzadi Zientzia Elkartekoek egiten ari diren lanaren berri eman nahi dute. Horretarako, hainbat dibulgazio bide jarri dute martxan.

Dibulgazio aldetik duten helburu nagusia aurkitutako ondarea musoetara bideratzea da, boluntarioen lanari esker lortutako informazioa eta ikerketaren fruituak zabaltzeko. Kontserbazio egoerak baimentzen duen heinean, harresi zati bat, aurki daitezkeen etxebizitzak eta bestelako egiturak zaharberritu ondoren, aztarnategia bisitagarri bihurtzeko itxaropena dute arduradunek. Mementoz, ordea, material gehiago bildu nahi dute eta zaharberritze eta garbiketa lanetan zentratuko dira.

Bestalde, neguan Urola eskualdeko ikastetxeetako ikasleei zuzenduta egongo den Unitate Didaktiko bat prestatzeko asmoa dute, eskualdeko gaztetxoek ere inguruan dugun ondare historikoa ezagutu dezaten.

Horretaz gain, mementoan jada eskuragarri dagoen triptiko bat argitaratu dute. Iraurgi Lantzen-ek sustatuta eta Azkoitiko eta Azeitiko udalek zein Gipuzkoako Foru Aldundiak lagunduta, Aranzadiko Sonia San Jose eta Azkoitiko Munibe Taldeko Jesus Larrañaga izan dira triptikoaren egileak.

Bertan, irudien eta testuen bidez, eta mementoz dituzten datuei esker, herri harresituaren ezaugarri nagusiak zeintzuk diren azaltzen dute; hala nola, harresiaren edota aterrazamenduen kokapena, garai hartako gizakiaren jarduera ekonomikoak eta zenbait piezen irudiak eta azalpenak. Gainera, ikerketa arkeologikoaren proiektuaren berri ere eman dute.

Iñigo Arenas: "Esperientzia polita izan da"

Iñigo Arenasek (Azkotia, 1973) Munoaundiko indusketetan parte hartu du abuztuan. Izatez delineantea bada ere, oporraldiari kutsu berezia emateko aukera ikusita, boluntario aurkeztu zen Aranzadira.

Nondik nora sartu zinen Munoaundiko indausketa taldean?

Maxixatzen Azkoitiko herri aldizkarian irakurri nuen nola aurreko urteetan lanean ibili ziren Munoandiko aztarnategian. Boluntario bila zebiltzala ipintzen zuen eta Aranzadira deitu, informazioa eskatu eta izena ematea erabaki nuen.

Beharrezkoa al da gai hauekin lotutako ikasketak izatea?

Ez, ez. Deitu nuenean galdetu nuen zein motatako jendea joaten den gisa honetako indusketetara. Nik ez daukat historian edo antzekoetan ikasketarik, baina berdin ziola esan zidaten, edozein motatako jendea onartzen zutela. Jende bila ibiltzen dira, gehienbat historia eta arkeologia ikasitakoak edo horretan dabiltzanak dira, baina denetarik dago.

Zein izan da aztarnategian bete duzun funtzioa?

Aitzur txiki bat eta espatula bat hartu eta harriak beraiek esanda moduan garbitzen aritu naiz, gehienbat. Aurkitutako harriak ere marraztu egin behar izaten dira; hau da, maila jaisten doan eran harri esanguratsuenak marraztu behar izaten dira, eta horretan ere aritu naiz.

Zer nolako esperientzia izan da zuretzat?

Oso esperietzia polita izan da, entretenitua. Duela 2.500 urte gizakiak egindako gauzak topatzea gauza ederra da. Hain justu, niri egokitu zitzaidan delako errota zirkular horrekin topo egitea, eta poz handia sentitu nuen une horretan. Zerbaitetarako balio izan du behintzat.

Ba al duzu errepikatzeko asmorik?

Bai, ikusi beharko da nola datorren hurrengo uda, baina ahal izanez gero berriro joango naiz. Aurten hamabost egunez egon naiz lanean, eta ikusi beharko hurrengo urtean ere egun batzuk egiterik izango al dudan.