Kale antzerkia larunbatean

Urola Kostako Hitza 2008ko ira. 4a, 10:09
Txerriki taldearen emanaldi bat.

Oholtzatik ekimenaren baitan, Txerriki taldeak Txarraka... Show! ikuskizuna kaleratuko du

Larunbatean, 19:00etan hasiko da

Udaleko Kultura Sailak formatu txikiko antzerkien emanaldiak antolatuko ditu hilero, Oholtzatik ekimen berriaren bidez. "Oholtzatik, formatu txikiko antzezlan handien zirkuitua da", diote. Uztailean jarri zuten martxan eta hilero, lehen asteburuetan antolatuko dituzte emanaldiak. Larunbat honetan kale antzerki emanaldia antolatu dute.

Usurbilgo Txerriki antzerki taldeak Txarraka...Show! antzezlana kaleratuko du, 19:00etan, kalean. Hamabi aktorek parte hartuko dute ikuskizunean. Txerrikik antzezlana apirilean estreinatu zuen Usurbilen I. Kale Antzerki Egunean.

Oholtzatik ekimena

Oholtzatik egitasmoarekin, gaur egunera arte Azpeitian egon den antzerki eskaintza "handitu" egin nahi du Udalak; horretarako, Euskal Antzerki Topaketen giroa negutik urte osora zabaldu nahi dute. Ekitaldiak herriko hainbat tokitan egingo dira, ez beti leku berean: "Kalean, Betharramdarretan, Gaztetxean edota tabernaren batean antolatuko ditugu".