"Zer dago ikusteko?"

Urola Kostako Hitza 2008ko ira. 3a, 12:09
Maider Azurmendi arduratu da Plaza Txikiko turismoko informazio bulegoaz.

Abuztuaren 5etik gaur, asteazkena, arte turismoko informazio bulegoa egon da zabalik Plaza Txikian

Zerbitzua, Azpeitiko Udalak jarri du martxan eta bertan hainbat bisitari izan da herriaren inguruan informazioa eskatzen

Gaur itxiko ditu ateak Plaza Txikiko turismoko informazio bulegoak. Ia hilabetez, abuztuaren 5etik gaur arte, herriaren erdigunean turismoko informazio gunea izan du jarrita Azpeitiko Udalak, Udaltzaingoaren ondoko bulegoan. Igande arratsaldetan eta astelehenetan itxita egon da, baina gainontzeko egunetan goizetan eta arratsaldetan zabalik izan dute.

Atzo eguerdira bitartean 229 bisitarik jo dute Udalak jarritako informazio bulegora informazio eske. Hala dio bertan lanean jardun duen Maider Azurmendik: "Bigarren astean, abuztuaren 11tik 16ra bitartean etorri da bisitari gehien informazio eske. Azkenengo aste honetan, aldiz, lasai-lasai gaude, oso jende gutxi datorrelako".

Hainbat herrialdetatik etorrita

Toki askotako jendea ibili dela dio Azurmendik, "eskualdetik etorritakoak, Kataluniatik, Frantziatik, Inglaterratik, Italiatik, Israeldik... Baina batik bat Kataluniatik etorritako bisitariak ibili dira". Eta bisitarien ohiko galdera, "herrian zer ikus daiteke?" izan dela dio.

"Azpeitira etorritako bisitarien gehienak egunpasa etorritakoak edota beste norabait bidean gelditutakoak dira; batik bat, bisita kulturala egitera etortzen dira. Beraz, herrian zer ikus dezaketen galdetu dute", azaldu du Azurmendik. Horrez gainera, ostatu edota jatetxeen berri ere askok galdetu dutela dio turismoko informazio bulegokoak: "Beste herrialde batetik etorritakoek ostatuez edota jatetxeez ere galdetu dute. Eskualdetik Azpeitira etorri direnek, aldiz, gauza zehatzagoez galdetu dute: autobusen ordutegiez, Arantzazuko bulegoko telefonoaz, parapentea egiteko aukeraz eta horrelako kontuez".

Donibane Garazitik oinez

Plaza Txikiko informazio guneko arduradunari bisitari batek eman dio atentzioa: "Donibane Garazitik oinez zetorren gizonezko bat etorri zitzaidan Azpeitian ostatu non hartu zezakeen galdezka. Hotel Loiolan pasatu zuen gaua. Bakar-bakarrik eta oinez etorri zen".

Familia gutxik eskatu dute informazioa Azurmendik kontatzen duenez: "LarraƱaganean ostatu hartuta zegoen familia bat bakarra etorri da informazio eske. Gainontzean, bikoteak edota bakarrik zebiltzan bisitariak etorri dira".

Eguraldiaren arabera ere bisitari gehiago edota gutxiago izan dela dio. "Antzematen zen eguraldia eragina; txarrarekin jende gehiago ibili da Azpeitian eta onarekin gutxiago. Bestalde, astegunetan jende gehiago etorri da asteburutan baino".

Gaur itxiko ditu ateak informazio guneak. Hilabete lasaia izan da, "baina uste baino jende gehiago etorri da informazio eske".

Datuak

.229 bisitari. Abuztuaren 5etik atzo eguerdira bitartean 229 bisitarik eskatu dute informazioa Udalak Plaza Txikian jarri duen turismoko informazio bulegoan. Informazio bulego hori gaur itxiko dute.

Jende gehien bigarren astean. Abuztuaren 11tik 16ra bitartean ibili da jende gehien informazio bulegoan.

Abuztuak 7 eta 15. Bi egun horietan hartu du bisitari gehien Udalak jarritako informazio bulegoak. Abuztuaren 7an 25 bisitari joan zen informazio eske eta 15ean 24.

Batik bat katalanak. Informazio eske joandako bisitarien gehienak Kataluniatik etorritakoak izan dira. Hala ere, hainbat tokitakoak izan dira bertan informazio eske: frantziarrak, italiarrak, israeldarrak... baita eskualdekoak ere.