Denboraldi-aurrea prestatzen hasi da Iraurgi SB

Urola Kostako Hitza 2008ko uzt. 29a, 17:07

Abuztuaren 30ean lagunarteko partida jokatuko dute etxean

Irailaren 20an hasiko dira EBA Ligako lehian

Iraurgi Saskibaloi Taldeak ia osatua du 2008-2009 denboraldian Espainiako EBA Ligan lehiatuko den taldea. Fitxaketa batzuk baieztatzeko zain badago ere, aldaketa garrantzitsuak egin ditu taldeak denboraldi berriari begira.

Jon Txakartegik entrenatuko du taldea eta Lander Lasak jokatuko du hegalean, eta Gorka Alarcia izango da jokoaren antolatzaileetako bat. Josean Cavadak taldean jarraituko du, Aritz Martinez, Asier Urbieta, Eñaut Aranbarri, Jorge Leon eta Xabier Osarekin batera. Gainera, Alex Arzelus ere taldera bueltatuko da. Eñaut Izagirre eta Jon Etxaniz gazteek lan bikoitza izango dute aurten: gazteen taldean eta talde nagusian jokatuko dute.

Lan Mobel Iraurgikoek abuztuaren 30ean hasiko dute denboraldi-aurrea. Pielagos taldearen kontra neurtuko dira, etxean. Partida horren atzetik, Bruesa GBC-Valladolid norgehiagoka jokatuko da Azpeitiko kiroldegian.

Iraileko egutegia ere finkatuta du taldeak. Hilaren 6an, Gasteizko LeClerq taldearen kontra jokatuko dute. Irailaren 13-14ko asteburuan Euskal Kopa jokatuko dute; eta, azkenik, hilaren 20an, hasiko dute EBA Liga.