Azpeitiarrak "saninaziyoren gerizpetik ateratzeko" Inaxi etorriko da aurtengo festetan

Urola Kostako Hitza 2008ko uzt. 29a, 12:07
Inaxi txosnak irekitzen dituztenean aterako da lehen aldiz.

Festa giroa, kolorea eta herritarren parte-hartzea sustatzera bueltatu da Inaxi atzerritik Azpeitira

Lehenengo aldiz, txosnak irekitzen dituztenean irtengo du

Loiolako Inaziok Azpeitian berebeziko garrantzia du, zer esanik ez festetan. Baina Gaztetxeko Festa Batzordeko kideek herriko jaiak alaitzeko pertsonaia berri bat sortu dute, horren paralelo. Inaxi da honen izena, eta saninazioei umore eta alaitasun pixkat bat jartzeko asmoz etorri da. Aurtengo jaietatik aurrera, beraz, santu ezagunarekin batera, saninazioetako protagonista berria bihurtuko da. Atzerritik festei beste kolore bat emateko prest bueltatu dela adierazi du Inaxik, "herri giroa sortu" eta festak parte-hartzaileagoak bihurtu nahi baititu. "Saninaziyoren gerizpetik atera behar dugu azpeitiarrok" azaldu du erraldoiak, irribarre handia ezpainetan duela. Lehenengo aldiz txosnak irekitzen dituztenean aterako dela jakinarazi du, baita jaietako beste hainbat ekitalditan parte hartuko duela ere.

Atzerritik jaioterrira

Inaxi herriko jaietako dinamika aldatzera bueltatu da Azpeitira. Betidanik Eliz kalean bizi izan da, baina kanpoan ibili da azken aldian: "Badira urteak herritik urruti nabilela munduan bidaiatzen. Paraje politak ikusi ditut, baina Azpeitia eta Euskal Herria bezalako lekuak gutxi". Inaxik azaldu duenez, asko gogoratzen da Azpeitiko jendeaz; baita, tabernaz taberna egindako txikiteoez ere. "Azkenaldian, gainera, festetan murgilduta ikusten ditut herritarrak eta asko pozten nau horrek. Hala ere, zer hobetua badagoela iruditzen zait".

Inaxiren esanetan, San Inazio festak "dotoreegiak dira nire gusturako. Gainera, saninaziotako protagonistak ez direla azpeitiarrak iruditzen zait niri, saltsa behar baitute jai hauek". Horren harira, herritar guztiek jaietan parte hartzea nahi duela azaldu du pertsonaia berriak. "Xoxote gaineko Inaziok egiten digun itzalpetik atera behar dugu azpeitiarrok eta kaleetan kolorea zabaldu festetan". Gainera, Azpeitian ligatzeko aukera ere baduela jakin du Inaxik. "Morroxko eta morroxka ederrak dabiltzala aipatu didate. Ea baten bat ezagutzen dudan xirri batzuk egiteko..."

Inaxiri abestia egin diote

Inaxiren etorrera ospatzeko, Egurra ta kitto musika talde azpeitiarrak berari eskainitako abestia sortu du. Eta Gaztetxeko Festa Batzordekoek adierazi dutenez, San Inazio jaietan kanta entzuteko aukera izango da herriko tabernetan.