Jai giro ederreko festa

Uztarria.eus 2008ko uzt. 28a, 13:07
Lehenengo argazkian, Euskadiko XIII. Blonda Lehiaketako behi eta zezenik onenak. Bigarrenean, XXXVI. Sagardo Lehiaketako irabazleak eta Udal ordezkariak.

Ostiralean Baserritarren Eguna izan zen Azpeitian eta plaza jendez bete zen

Sagardoa, okela, arraina eta gazta dastatzeko aukera izan zen, besteak beste

Baserritarren Eguna ospatu zuten ostiralean herrian, Santio egunez. Jan-edanaren festa handia izan zen eta eguerditik hasi eta 14:00ak bitartean herriko plaza jendez gainezka egon zen. Bertan, txekorra, hegaluzea, sagardoa eta gazta dastatzeko aukera izan zen.

Plazako arkupeak sagardo postuek hartu zituzten eta guztira 23 sagardogile izan ziren lehian. Herriko elkarteetako kideek herritarren izenean sagardorik onena aukeratzen zuten bitartean, plazako agertokian XXXVI. Sagardo Lehiaketako epaimahaikideek banan-banan sagardoak dastatzen jardun zuten; onena aukeratzeko lanean hauek ere.

Zenbat buru, hainbat aburu

Ostiralean, elkarteetakoak eta epaimahaikideak ez ziren bat etorri sagardo onena aukeratzeko orduan: aurrenekoen ustez onena Irigoien sagardotegikoa zen eta bigarrengoen ustez, berriz, Astiazarangoa. Bi mila litro sagardotik gora edan zen atzo herriko plazan; hiru mila sagardo botila guztira.

Era berean, azoka plaza ondoko agertokian X. Gazta Lehiaketa egin zen. Hemen, gaztarik onenaren saria Olaberriako Aizpea gaztandegiak eraman zuen.

Bi mila pintxotik gora

Gaztagileek gazta pintxoak saltzeko postuak ere jarri zituzten plazako kioskoaren bueltan. Baina, horrez gainera, txekor okelaren eta hegaluzearen bi mila pintxotik gora saldu ziren atzo plazan. Hortik atera duten dirua, Indiako haur batzuei hezkuntzarako bekak ematera bideratutako proiektu batentzat izango da.

Herenegun gauetik txekorra erretzen izan zuten herriko harakinek, eta atzo eguerdian zatitzen nahiko lan izan zuten, jende ilara luzea zain zutelako. Urtero moduan, berehala bukatu ziren okela pintxoak.

Hegaluzearen pintxoa jateko aukera gehiago izan zen, baina aurten 30 kilo hegaluze gehiago ekarri dituzten arren, dena bukatu zen. Guztira, parrilean erretako 280 kilo hegaluze banatu zituzten pintxotan.

"Abere talde ederrak"

Herriko plazan janerako eta edanerako aukera zegoen bitartean, azoka plazaz bestaldera Euskadiko XIII. Blonda Lehiaketa ari ziren jokatzen. Gipuzkoako eta Bizkaiako bederatzi ganadutegik parte hartu zuten. Antolatzaileen arabera, egunen batean Iparraldekoek eta Nafarroakoek ere lehiaketan parte hartzea dute helburu: "Iparraldekoek nahi dute, baina arazo sanitarioak daude tarteko. Nafarroakoak ere gonbidatzen ditugu, baina ez dira etortzen". Guztira, 109 abelburuk parte hartu zuten lehiaketan. Ganadua, astotegian eta Zelai Luzen eduki zuten erakusgai, 10:00etatik 15:00ak ingurura arte. Ukuilurik onenaren saria Markinako Ilaispek jaso zuen. Blonda ganaduaren lehiaketan epaile lanetan Iparraldeko Jean Claude Chilindron eta Claude Lagarrue aritu ziren. Chilindronek adierazi zuenez, "abere talde batzuk oso ederrak etorri dira, hori lan ona egiten ari denaren seinale da".

Ganadu lehiaketako antolatzaileek azaldu zutenez, lehiaketa ikustera kanpotik jende asko etorri zen. Espainiatik etorritako asko izan zen Azpeitian: "Salamanca, Avila, Extremadura eta Madril aldetik etorritako jendea izan da gaur lehiaketa ikusten".

Baserritarren eguneko txapelketak

XXXVI. Sagardo Lehiaketa

.23 sagardogilek hartu dute parte

  • 1. saria. Astiazaran sagardotegia (Zubieta), 129 punturekin. Txapela eta garaikurra.
  • 2. saria. Lizeaga sagardotegia (Astigarraga), 128 punturekin. Garaikurra.
  • 3. saria. Oiarbide sagardotegia (Astigarraga), 127 punturekin. Garaikurra.
  • Herritarren saria. Irigoien, Herrero, sagardotegia (Astigarraga), 48 punturekin. Garaikurra.

Ganadu lehiaketa. Euskadiko XIII. Blonda Lehiaketa

Bederatzi ganadutegik parte hartu dute: Agite (Azpeitia, Gipuzkoa), Eizmendi (Azpeitia, Gipuzkoa), Gaztelu (Azpeitia, Gipuzkoa), Longa (Orio, Gipuzkoa), Larre Haundi (Errenteria, Gipuzkoa), Makuleta (Arrieta, Bizkaia), Acillona (Gamiz-Fika, Bizkaia), Ilaispe (Markina, Bizkaia) eta Goizko (Muxika, Bizkaia).

  • Ukuilurik onenaren saria. Markinako Ilaispe ganadutegia; Angel Arriola da jabea.
  • Zezen txapelduna. Univers, 42 hilabetetik gorako idiskoa. Makuleta (Arrieta, Bizkaia) baserrikoa, Iturbe anaiena.
  • Behi txapelduna. Sanoki, zazpi urtetik gorako behi txahalik gabea. Agite (Azpeitia) baserrikoa, Antonio Olaizolarena.
  • Hazitik sortutako abererik onena. UrrupiƱe, bost eta zazpi urte bitarteko behia txahalarekin. Illaispe (Markina, Bizkaia) baserrikoa.

X. Gazta Txapelketa

  • 1. saria. Aizpea Gaztandegia (Olaberria). 300 euro eta garaikurra.
  • 2. saria. Pikuinieta baserria (Antzuola). 200 euro eta garaikurra.
  • 3. saria. J. Aranburu Elkartea (Idiazabal). 150 euro eta garaikurra.

Ikusi Baserritar eguneko argazki bilduma Urola Kostako Hitza.infon