Azkargorta bidali egin dute Valentziatik, kudeatzailea kargutik kendu dutelako

Uztarria.com 2008ko uzt. 25a, 15:07

Azpeitiarra hilaren 14an fitxatu zuten kirol zuzendari bezala

Presidente berriak esan du kudeatzaileak egindako fitxaketak ezerezean utzi dituela

Denbora gutxi egin du Xabier Azkargortak (Azpeitia, 1953) Valentziako futbol klubeko kirol zuzendari bezala, kargutik kendu egin dutelako agintarien artean aldaketa gertatu delako.

Duela hilabete inguru han Juan Villalonga hasi zenean kudeatzaile, honek fitxatu zuen Azkargorta (uztailaren 14an), baina atzo (osteguna) gauean Juan Soler Valentziako akziodun nagusiak kargutik kendu zuen Villalonga, Vicente Sorianok hartu du presidente kargua eta honek adierazi du ordura arteko kudeatzaileak egindako fitxaketa denak ezerezean utzi dituela.

Atzerrian ia beti

Azkargorta, Lagun Onak-en izan zen entrenatzaile, gero Ondarroan ere bai. Harrezkero, beti Euskal Herritik kanpo egon da karguetan.

1982. Nastic Tarragona (Katalunia).
1983-1986. Espanyol (Katalunia).
1986-1987. Valladolid (Espainia).
1987-1989. Sevilla (Espainia).
1989-1991. Tenerife (Espainia).
1992-1994. Boliviako selekzioa.
1995-1996. Txileko selekzioa.
1997-1998. Yokohama Marinos (Japonia).
2003-2005. Real Madrilen (Espainia) nazioarteko eskolaren zuzendari.
2005. Chivas (Mexiko).
2006. Duela bi urte Pekinera (Txina) joan zen, Real Madrilen enkarguz, Guoan klubeko kirol eta azpiegitura arloak antolatzera doa.
2008. Valentzia (Herrialde Katalanak). Uztailean bi astean kirol zuzendari aritu da.