Munoaundi ikertu eta ezagutzera emango duen proiektua aurkeztu dute

Urola Kostako Hitza 2008ko uzt. 23a, 12:07
Foru Aldundiko Ondare zuzendari Pilar Azurmendi, Azpeitiko eta Azkoitiko alkateak Iñaki Errazkin eta Asier Aranbarri, eta Aranzadiko Sonia San Jose.

Boluntario talde batek indusketa lanak egingo ditu abuztuaren 4tik 30era bitartean, Aranzadik zuzenduta

Munoaundiri buruzko informazioarekin 10.000 esku-orri banatuko dituzte

Munoaundi herri harresituaren indusketa arkeologikoa eta haren dibulgazio lana egiteko proiektua aurkeztu zuten atzo. Iraurgi Lantzenek susatu duen proiektua Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Azkoitiko eta Azpeitiko udalen diru laguntzari esker burutuko da, 2012 urterako.

Aranzadi elkarteko kide eta indusketen buru den Sonia San Josek azaldu zuenez, "Burdin Aroko ezaugarrietan gehiago sakontzea" jarri dute proiektuaren helburu gisa. Orain 2.000-2.500 urte inguru bailaran bizi zirenen eguneroko bizimoduei buruzko informazio "oso baliagarria" lortuko dutela uste dute ikertzaileek.

Bestalde, aztarnategiaren musealizazioa egitea da egitasmoaren beste helburua. "Aztarnategia bisitagarria bihurtzeko itxaropena dugu", esan zuen Aranzadikoak.

Abuztuan bi bisita

Aranzadi Zientzi Elkarteko Historiaurreko Arkeologia Sailak indusketak egiten ditu udaro. Aurten, 15 laguneko boluntario talde bat osatu eta abuztuaren 4tik 30era bitartean egingo dute Munoaundiko landa-lana. Euskal Herritik eta kanpotik etorritako boluntarioak ariko dira aztarnategian lanean.

Gainera, herritarrek Munoaundi ikusi ahal izateko bi bisita antolatu dituzte, abuztuaren 16rako eta 22rako. Kukuherri aterpetxetik abiatuko da aztarnategirako bisitaldia, 10:00etan.

Boluntario lanetan aritzeko zein bisitaldi gidatuetan parte hartzeko Aranzadi elkartearekin jarri behar da harremanetan. Interesa dutenek, 943 466142 telefonora deitu edo burdina@aranzadi-zientziak.org helbidera idatzi beharko dute izena emateko.

.10.000 esku-orri

Munoaundi aztarnategia Azkoitian eta Azpeitian ezagutzera emateko asmoarekin esku-orri bat argitaratu dute. Irudiz eta testuez lagunduta, gaur egun bilduta dauden datuei esker, herri harresituaren ezaugarri nagusiak ematen dira esku-orrian. Hala nola, harresiaren kokapena, garai bateko jarduera ekonomikoak edo bertan atera dituzten materialei buruzko argibideak. Aranzadiko Sonia San Josek eta Azkoitiko Munibe Taldeko Jesus Larrañagak egin dute eskuorria. Iraurgi Lantzenek sustatu du egitasmoa, Azkoitiko eta Azpeitiko udalen eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin.

Aztarnategia ezagutarazi eta proiektuaren berri emateko asmoz, guztira Munoaundiri buruzko informazioarekin 10.000 esku-orri banatuko dituzte etxez etxe datozen asteetan.