'Go!azen' grabatzeko lanak abian

Urola Kostako Hitza | Besterik
2008ko uzt. 23a, 09:07

ETBrako filmatzen ari diren gazteen film musikala Esklabetan ari dira grabatzen egun hauetan

Kanpoko eszenak grabatzeko, Loiolabideko Azpeitia eta Azkoiti arteko errepidea moztu behar izaten dute

Astelehenean, 'Go!azen' film musikalaren grabazioa Esklabetako atarian. Behekoan, ezkerrean, Pedro Oiarzabal azpeitiarra, apaizaren papera egiten du filman.  Argazki originala

Pausoka ekoiztetxea Go!azen euskarazko lehen film musikala ari da grabatzen egunotan Esklabetan, ETB1-en emateko. Hori dela eta, behin eta berriro, kanpoko eszenak grabatzeko, Loiolabideko Azpeitia eta Azkoiti arteko errepidea moztu behar izaten dute, eta auto ilarak ere sortu dira, astelehen eguerdian esaterako.

Hilaren 30 arte jarraituko du filmaren grabazioak Azpeitian. Gero, abuztuaren 8a arte beste herri eta toki batzutan jardungo dute grabazio lanekin. Azarorako filma bukatuta egongo dela aurreikusten dute.

Eskualdeko hainbat gazte eta heldu ari da lanean filman. Estra bezala, azpeitiar gazte batzuk eta emakume batzuk ari dira aktore lanetan. Protagonista, berriz, Iñigo Aizpitarte zarauztarra da. Jon Urbieta zumaiarra ere bertan dabil.

Go!azen film musikalak udaleku "gogor" batzuetan gazte batzuk bizi duten istorioa kontatzen du, musika eta dantza oinarri hartuta. Filmaren zuzendaria Jabi Elortegi da, aktoreen zuzendaria, berriz, Ainhoa Aierbe eta koreografoa Josu Mujika. Filma kokatzeko, Esklabetan "agertoki paregabea" aurkitu dutela dio zuzendariak, elizaren kanpoaldean grabatzen ari diren bitartean.

Astebete da filma grabatzen hasi zirela eta zuzendaria gustura dago aktore gazteen lanarekin: "Profesional handiak bezala ari dira lan egiten".

Zarauztarra protagonista

Iñigo Aizpitarte zarauztarra film musikaleko protagonista nagusia da. Gustura dago filmean paper garrantzitsua duelako: "Niretzako film bateko aktorea izatea esperientzia berria da, zelebrea, baina gustura ari naiz bertan".

Musikan esperientzia duen mutila da Aizpitarte, Indigo musika taldeko abeslaria delako. Gainera, Donostiako Pop-rock lehiaketako finalerdietara heldu dira Indigo taldearekin. "Beti gustatu izan zaizkit musika eta antzerkia. Madrilen urtebetez ikasten izan nintzen". Go!azen filmarako lanean zailtasun gehien dantza egiteko orduan izan duela dio Aizpitartek: "Gehien dantza egitea kostatu zait baina Josu koreografoari esker moldatzen ari naiz".

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu