Bizikletak uzteko guneak jarriko ditu Udalak herriko hainbat lekutan

Urola Kostako Hitza 2008ko uzt. 15a, 11:07

Bizikletak uzteko 150 aparkaleku jarriko ditu herriko hogei lekutan baino gehiagotan banatuta

Udalak, "autoak gehiegi erabiltzea" saihestu nahi du

Udalak, "autoak gehiegi erabiltzea" saihestu nahi du, garraio publikoaren eta bizikletaren erabilera sustatuz. Horretarako, 150 bizikletarentzako aparkalekuak jarriko ditu, herriko hogei toki baino gehiagotan banatuta .

Udaleko arduradunek azaldu dutenez, "autoa gehiegi erabiltzeak hainbat arazo sortzen ditu herrian, besteak beste, aireko kutsaduran gero eta eragin handiago dauka. Gure udal politikako apustuetako bat garraiorako beste alternatiba batzuk sustatzea da: bizikletan ibiltzea edota garraio publikoa erabiltzea, kasu".

Lehendik herriko hainbat tokitan badaude bizikletak uzteko tokiak: ikastetxeetan, Kiroldegian, igerilekuan, Olazko Amaren plazan... Baina, Udalaren ustez, "gutxi daude, ez dira nahikoak". Horregatik, herrian hainbat leku aukeratu eta haietan jarriko dituzte: "Bizikletentzako aukeratu ditugun tokiak hogeitik gora dira: herriko plazan, udaletxe azpian Hirigintza Saileko atearen ondoan, Plaza Txikian Udaltzaingoaren aurrean, Perez Arregi plazan, Hartzubian, Sanjuandegin Bagera II tabernaren aurrean..." .

Udalak bizikletentzako aparkalekuak jartzeko toki batzuk aukeratu ditu, baina beste toki batzutan jartzeko proposamenak jasotzeko prest dago. "Herritarren batek hutsuneren bat ikusiko balu, alegia, beste nonbait bizikletak uzteko tokia jartzea falta dela, Udalari proposatzeko aukera du, eta kontuan hartuko dugu", diote.

Dagoeneko Udalak eskatuta ditu bizikletentzako aparkalekuak eta hil honetan bertan jarri nahi ditu.