Esklerosi Anizkoitzagatik 'Busti Zaitez!'

Uztarria.eus 2008ko uzt. 14a, 15:07

Bihar, asteartea, Busti Zaitez kanpaina ospatuko dute Azpeitiko igerilekuan eta azokan

Ekimenaren helburua, Esklerosi Anizkoitzaren inguruan, jendea sentsibilizatzea eta informatzea da

Esklerosi Anizkoitzagatik Busti Zaitez kanpaina ospatuko dute bihar Azpeitian. Hemengoaz gain, Gipuzkoako beste hamahiru herritan ere egingo dute ekimena. Azpeitian laugarren urtez egingo dute eta igerilekuan eta azokan burutuko dute ekimena.

Esklerosi Anizkoitza Fundazioak, ADEMGI (Gipuzkoako Esklerosi Anizkoitzaren Erakundea)-ren laguntzarekin antolatzen du kanpaina eta helburu nagusia da gaixotasun neurologiko honen inguruan jendea sentsibilizatzea eta informatzea. Bide beretik, ADEMGI-ren 'Esklerosi Anizkoitza eta beste gaixotasun neurologikoen zentroa'-n gaixoei eskaintzen zaien birgaitze zerbitzua finkatzeko dirua lortzeko ere balioko du kanpainak.

Gaixotasun neurologikoa

Ekimenaren antolatzaileek azaldu dutenez, Esklerosi Anizkoitza "nerbio sistema zentralaren gaixotasuna" da: "Garuna zein bizkar-muina puztu edo handitu egiten ditu eta, horren ondorioz, mielina (nerbioak babesten dituen koipea) desagertzen joaten da". Ez da gaixotasun bakana, izan ere, gazte eta helduen artean, "gaixotasun neurologikorik sarriena da", trafiko istripuen atzetik eta "zortzi orduko kasu berri bat diagnostikatzen dute espainiar estatuan".

Esklerosi Anizkoitzaren sintoma sarrienak honakoak dira: "Sentimen, oreka eta mintzairan arazoak, gorputzaren ahulezia eta kasu larrietan paralisia, ikusmen eta gernu sisteman alterazioak, zorabioa eta nekeak". Gaineratu dutenez, ez da gaixotasun kutsakorra, ez hereditarioa eta ezta hilkorra ere.

Azokan goizean eta igerilekuan arratsaldean

Azpeitian egingo duten kanpainan, goizean boluntarioak egongo dira azokan Elkartaren stand-ean. Hor gaixotasunaren inguruko informazioa jaso ahalko dute herritarrek, eta baita, 'Kukuxumuxu'-k kanpainarako egindako materiala erosi ere .

Arratsaldean, berriz, igerilekuan jarriko dute stand-a eta Esklerosi Anizkoitzagatik igeri egingo dute. Parte hartzen duten denei diploma bat emango zaie bukaeran eta igeri egin diren metro guztiak zenbatu egingo dira.