Karidadeko mojek, Txolartekoek eta Odol Emaileek botako dute txupinazoa

Urola Kostako Hitza 2008ko uzt. 11a, 11:07
Iazko txupinazoaren unea, herriko hainbat kirolari eta kirol elkarteetako kideek bota zuten orduan

Txosna guneko agertokia Enparan Dorretxe aldean jarri eta azoka plaza atzean karpa muntatuko dute

Horrez gain, aurten lehen aldiz, 200 lagun ingururentzako jateko tokia jarriko dute txosna gunean, karpa baten baitan

Herrian lanean ari diren hiru gizarte erakunde edo taldetako ordezkariek botako dute udaletxeko balkoitik aurtengo Saninazioei hasiera emango dien txupinazoa: Miserikordiko Karidadeko mojek, Txolartekoek eta Azpeitiko Odol Emaileetako ordezkariek.

Saninazioak antolatzeko osatutako Festa Batzordean erabaki dute nork botako duen txupinazoa. "Aurreko urteetan kirolariek, kulturakoek... bota dute eta aurten gizartean lan egiten duten talde batzuetako ordezkariek botako dutela erabaki da. Miserikordiko mojak irailean herritik joango dira. Txolartekoek bai herrian bai herritik kanpo lan asko egin dute eta Odol Emaileek ere lan asko egin dute urteetan", azaldu du Mikel Ibarzabalek, Udaleko Festa batzordeburuak.

Txupinazoa, urtero bezalaxe, San Inazio bezperan botako dute, 12:00etan, udaletxeko balkoitik. Behin festari hasiera eman eta abuztuaren 2a bitartean, hainbat ekitaldi antolatu dute. Aurten gainera festetako zenbait ekitaldi berriak izango dira, besteak beste, Bakailao Lehiaketa, zezen txikiekin jolasak eta entzierro txikiak.

Perez Arregin eta Hartzubian

Festa giroa herriko hainbat txokotara zabaltzeko asmoarekin, Perez Arregi plazan (Etxe Zuri aurrean) eta Hartzubiko plazan formatu txikiko ekitaldiak antolatuko dituzte aurten. Hartzubiko plazan (haur parkea dagoen tokian) hilaren 29an, Udal Musika Bandak Azpeitiko Pasodobleen kontzertua emango du. Perez Arregi plazan, berriz, San Inazio bezperan, iluntzean, Saioa, Alabier eta Lutxurdio trikitilariek jardungo dute. San Inazio egunean, berriz, Referee disko jartzaileak jardungo du plaza girotzen.

Txosnetan ere berrikuntzak

Txosnetan ere berrikuntzak izango dira saninazioetan kokapenean, baita ordutegi aldetik ere. Kontzertu eta ekitaldietarako agertokia lekuz aldatuko dute eta ez da egongo azoka plaza atzean, beste urteetan bezala. Bestetik, txosnak "bilduago" jarriko omen dituzte aurten.

Horretaz gain, ordea, aurten lehenengo aldiz karpa jarriko dute txosna gunean. 200 lagun ingururentzako jateko tokia jarriko dute, "mahai eta aulkiekin". Otartekoak eta errazioak salduko dituzte.

Ordutegi aldetik, berriz, beste urteetan baino lehenago irekiko dituzte txosnak, "eguneko giroa suspertzeko". San Inazio bezperan, herri bazkariaren ondoren, 17:00etan irekiko dituzte, baita San Inazio bigarrenean ere.