Saninazioetan entzierro txikiak egingo ditu lehen aldiz Zezen Beltz Taldeak

Urola Kostako Hitza 2008ko uzt. 8a, 11:07
Santiago kaleko aparkalekuan muntatuko dute zezen-plaza txikia.

Santiago kalean, hondar eta guzti, zezen-plaza txiki bat muntatu eta zezenekin jolasak antolatuko dituzte

Aurten ere errekortarien jaialdia antolatu du entzierroez gain

Aurtengo saninazioetan, zezenekin lotutako ekitaldien faltarik ez da izango herrian. Zezen Beltz Taldeak San Inazio jaietarako bere proposamenak egin ditu, eta dagoeneko dena adostuta dute. San Inazio Egunean eta bigarrenean entzierro txikiak egingo ditu: 12:30ean Etxe Zuritik irten, parrokia aurretik pasatu eta Santiago kalera pilotalekura iritsiz.

Zezen Beltz Taldeko Mikel Arrietaren esanetan, haurrentzako entzierroak izango dira, eta zezen txiki-txikiak aterako dituzte, "adargabeak".

Santiago kaleko pilotalekuan zezen-plaza txiki bat ere muntatuko dute, "sokamuturrerako jartzen diren hesiekin pilotalekuko aparkalekua (haur parkearen ondokoa) itxi eta lurrean ondarra botako dugu".

Santiago kalean jarriko duten zezen-plaza txikia, ez dute entzierroaren bukaerarako bakarrik erabiliko: San Inazio bezperan eta San Inazio bigarrenean zezen txikiekin jolasak egingo dituzte arratsaldean, 18:00etan. "San Inazio bezperan, gazteen herri bazkaria eta gero egiten diren jolasak bukatutakoan, pilotalekuan muntatuko dugun zezen-plazan zezen txikiekin jolasak antolatuko ditugu".

Aurten ere, errekortarien jaialdia izango da saninazioen aurretik; hilaren 20an antolatu du, Zezen Beltz Taldeak.