Kultur Mahaiaren bi lan ildo nagusiak San Agustinpe eta ekintzen egutegia dira

Urola Kostako Hitza 2008ko uzt. 4a, 12:07
Kultur Mahaiko kideak lan ildoen eta asmoen berri ematen, atzo, osteguna.

San Agustinpeko proiektuari lehentasuna eman dio, "azpiegitura hori oso garrantzitsua izango delako kultur taldeentzat"

Mahaikoek jakinarazi dutenez, urtearen bukaerarako amaituta beharko lukete San Agustinpeko lanek

Kultur Mahaiak azkeneko urte erdian egindako ibilbidearen berri eman du eta, azaldu dutenez, bi lan ildo nagusi finkatu dituzte eta azkenengo hilabeteetan horiek lantzen ari dira. San Agustinpe eta urteko ekintzen egutegia dira bi ildo horiek. "Lehentasunezko arlotzat jo dira eta biak lantzeko bi azpi-talde sortu ditugu", esan dute Mahaiko kide Alex Silva Sanjuandegiko Bide Ona elkartekoak Amaia Aranaga Itsasi Euskal Kultur Taldekoak.

Kultur Mahaiko Talde Eragileak, beraz, lan ildoak zehaztu ditu "zer baliabide behar dituen erabaki aurretik". Eta urteko ekintzen egutegiaz gainera, San Agustinperi heldu diote: "Azpiegitura hori oso garrantzitsua izango da herriko kultur talde guztientzat, kokapena egokia delako, handia delako, aukera onak eskainiko dituelako...". Horregatik, lehentasunezko lan ildo bezala zehaztu dute, "proiektua gauzatzen ari zirelako eta gauza batzuk aldatu egin behar zirela ikusten genuelako".

Gauzak horrela, aldaketa proposatu dituzte eta Udalak onartu egin ditu: "San Agustinpe birmoldatzeko proiektua orain dela hamar urteko beharrei erantzuteko egin zen, baina harrezkero Azpeitia azpiegitura arloan asko aldatu da". Euren ustez, 1998ko proiektua "zaharkitua" gelditu da.

Gaur egunera egokituta

Kultur Mahaikoek egindako proposamenaren arabera, San Agustinpeko proiektuan hainbat gauza aldatu edo egokitu dira eta, era horretan, bertan edozer motako ekitaldiak egiteko aukera izango da.

Kultur Mahaiak San Agustinpeko ekipamenduaz txostena egina dauka. Hori egiteko orduan kontuan hartu dituzte "herriko taldeen beharrak, akustika ikerketa bat, edota espazioaren ezaugarriak eta ekipamenduak izan behar lukeen malgutasuna". Orain, berriz, ekipamendua eta beraren erabilera finkatu nahian dabiltza Mahaikoak. "Udalarekin egin ditugun bileren arabera, horiek kudeatzeko lehiaketa laster deitu dezakete".

Mahaikoek jakinarazi dutenez, urtearen bukaerarako amaituta beharko lukete San Agustinpeko lanek.

Urteko ekintzen plangintza

Mahaikoak lantzen ari diren beste lan ildoa urteko ekintzen egutegia da. Aurren-aurrena, herrian egiten diren ekitaldien zerrenda osatu dute. Orain, gaur egungo egutegitik abiatuta, azterketa orokorra egiten ari dira, "hutsuneak detektatu" eta "herri ikuspegitik" lehentasunen araberako plangintza proposamena egiteko. "Urtea egutegi aldetik orekatu egin behar al den aztertu nahi dugu, zer formatuko ekintzak bultzatu behar diren, parte-hartzeari zenbaterainoko garrantzia eman behar zaion, zer arlo landu..."

Gaur egun herrian antolatzen diren ekitaldietatik, San Agustinpean zein kokatu daitezkeen ere aztertu nahi dute.

Bestalde, bi lan ildo horiez gainera beste batzuetaz ere jardun dute Kultur Mahaian: "Kanpo komunikazioa hobetzeaz, bailarako kultur koordinazioaz, Soreasu kultur guneaz...".

Aurrez aipatutako horrekin guztiarekin batera, Kultur Mahaiaren helburua udazkenerako 2009ko Kudeaketa Plana eginda izatea da. Bertan, "egitekoak finkatzeaz gain, zer baliabide material eta pertsonal beharko ditugun ere jarriko dugu". Mahaikoek diotenez "lan handia" dago egiteko, baina euren asmoa "presarik gabe, baina etenik gabe" gauzak "ondo" lantzea da.

Bi urte lanean

Kultur Mahaia 2006ko otsailetik dago martxan, herriko kultur taldeek eta Udalak osatuta. Herriko kultur egitaraua antolatzeko eta kultur azpiegituren funtzionamenduaz hitz egiteko sortu zuten bere garaian.

2007ko abenduaren hasieran, berriz, Kultur Mahaiko Talde Eragilea sortzea erabaki zuten, modu horretan "operatibitatean irabazteko" asmoarekin: "Herrian kultura arloan asko dago egiteko, azpiegitura garrantzitsuen lanak martxan daude eta, erabaki nagusiak Kultur Mahaian hartuko badira ere, Talde Eragilea sortzea erabaki genuen".