Oholtzatik antzerki emanaldien ekimena martxan jarri du Udalak

Urola Kostako Hitza 2008ko uzt. 3a, 11:07

Kultura Egitasmo berriaren baitan formatu txikiko emanaldiak antolatuko dituzte, hileroko lehen asteburuan

Igandean izango da Oholtzatik ekimeneko lehen emanaldia, Betharramdarren aretoan

Udaleko Kultura Sailak formatu txikiko antzerkien emanaldiak antolatuko ditu hilero, Oholtzatik ekimen berriaren bidez, "Oholtzatik, formatu txikiko antzezlan handien zirkuitua da, hil honetan bertan martxan jarriko dugun egitasmoa".

Hilero, antzezlan bat antolatuko dute, "hileko lehen asteburuan"; aurreneko emanaldia igandean izango da. Oholtzatik egitasmoarekin, gaur egunera arte Azpeitian egon den antzerki eskaintza "handitu" egin nahi du Udalak; "horretarako, Euskal Antzerki Topaketen giroa negutik urte osora zabaldu nahi dugu". Ildo horretatik, udaberrian antzerki ikastaroa antolatu zuen Udalak eta bertan hainbat lagunek parte hartu dute, Inaxio Tolosa zumaiarra antzerki irakasle zutela.

Oholtzatik egitasmoa hil honetan bertan hasiko da. Ekimenaren baitan antolatzen diren ekitaldiak, herriko hainbat tokitan egingo dira, ez beti leku berean. Hala diote Udaleko Kultura Sailekoek: "Kalean, Betharramdarretako aretoan, Gaztetxean edota herriko tabernaren batean antolatuko ditugu Oholtzatik ekimeneko ekitaldiak".

"Antzerkia zentzu zabalean"

Horretaz gainera, formatu txikiko ikuskizunak antolatzeko orduan, "antzerkia zentzu zabalean" hartuko dutela diote: "Antzerkiaz gain, beste hainbat espresio eszenikok ere lekua izango dute".

Igandean izango da Oholtzatik ekimeneko lehen emanaldia, Betharramdarren aretoan, 19:00etan. Mikelazulo Kultur Elkarteak eta Mugainditzen taldeak Metro koadro bat poesia oinarri duen ikuskizuna taularatuko dute.