Quebrantahuesos lasterketakoek salatu egin dute Albizuk beste baten dortsala erabili izana

Urola Kostako Hitza | Kirolak
2008ko eka. 26a, 09:06

Txirrindulari ohiak eta hari dortsala utzi zionak ezingo dute berriz zikloturismo proban parte hartu

Albizuk ez zuen antolatzaileen erabakiaren berririk eta harrituta zegoan

Larunbatean Sabiñanigon (Aragoi, Espainia) XVIII. Quebrantahuesos zikloturismo proba izan zen, Peña Edelweissek antolatuta. Joseba Albizu azpeitiar txirrindulari profesional ohia bigarrena izan zen helmugan. Baina beste baten izenean zegoen dortsalarekin irten zuela eta, antolatzaileek txapelketatik kanpo utzi zuten. Orain, Albizuk egindakoa salatu dute, lasterketaren webgunean (www.quebrantahuesos.com) zintzilikatutako idatzi batean, "araudia ez duelako bete". Gainera, zikloturismo proban gehiago ezingo duela parte hartu jakinarazi dute, ezta dortsala utzi zionak ere.

Edelweissekoek adierazi dutenez, Quebrantahuesos zikloturismoko proban 8.456 txirrindularik parte hartu zuten joan den larunbatean (7.209k proba luzean eta 1.247k motzean). Proba orokorrean "ondo" joan zela adierazi dute antolatzaileek, baina probari "kalte" egiten dioten gertaera batzuk ere izan zirela salatu dute. Atera duten idatzian bi gertaera nabarmendu dituzte: beste baten dortsalarekin irtendako txirrindularien kasuak dira biak, eta bat Albizuri dagokiona.

Albizu harrituta

'Urola Kostako Hitza'-k atzo, asteazkena, Joseba Albizurekin hitz egin zuen. Ez zuen antolatzaileen erabakiaren berririk eta harrituta zegoen: "Lasterketatik kanpo uztea ulertzen dut. Baina neurri honetara heltzea tontakeria iruditzen zait. Izena emateko epetik kanpo dortsala eskatu nien antolatzaileei eta ezezkoa jaso nuen; badakit, ordea, beste batzuei eman dietela, haietako batek esanda. Behin lagunaren dortsala neukanean, izenez aldatzeko eskatu nien antolatzaileei eta hori egiten ere ez zidaten utzi; beste batzuk, ordea, lortu zuten hori". Azpeitiarrak dioenez, berak ez du irten beste baten dortsalarekin "ika-mika" sortzeko, "lasterketan irten nahi nuen eta beste baten dortsalarekin irtetea beste aukerarik ez nuen".

Antolatzaileen arabera, zikloturismoko probaren araudian garbi agertzen da izen-ematea, dortsala eta txipa "pertsonalak direla eta ezin zaizkiola beste bati utzi". Gainera, parte-hartzaileei garbi uzten zaiela diote: "Dortsala hartu aurretik parte-hartzaile bakoitzak dokumentu bat sinatzen du hori ziurtatuz". Albizuren esanetan, otsailean ematen da lasterketan izena eta ordutik lasterketa egunera arte "gauza asko" pasatzen da: "Otsailean ez da jakiten benetan lasterketan irteteko aukerarik izango duzun. Gu koadrilako bost joan ginen eta lauk beste batzuen dortsalekin irten genuen".

Joseba Albizuk 4285 dortsalarekin parte hartu zuen proban eta hori Julian Landari (hau ere azpeitiarra) zegokiona zela salatu dute antolatzaileek. Gainera, diotenez Albizuk helmugan Landa balitz bezala atera zituela hedabideentzako argazkiak, baita adierazpenak egin ere. "Euskadi Irratian neure izenean hitz egin nuen. Beste irrati baterako ere jardun nuen, baina ez nion garrantzirik eman. Argazkirik atera bazidaten, ez dut gogoan".

Jarrera horrekin, antolatzaileen, babesleen, hedabideen eta beste parte-hartzaileen lana "gutxietsi" du, Edelweissekoen ustez. Horregatik neurriak hartu eta "gogor" jokatuko dutela diote.

Beste dortsal trukaketa baten berri ere izan dute antolatzaileek: "Logroñoko txirrindulari bat ospitalera eraman zuten eta han ohartu ziren beste baten izenean irten zela. Ondorioz, antolakuntza ez da egingo gastuen kargu".

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu