Uda garaian egun-pasaz

Uztarria.eus 2008ko eka. 24a, 14:06
San Martin egoitzako egoiliarrak eta boluntarioak Zarautzera egindako ibilaldian.

San Martin Egoitzakoek hainbat ekimen burutu dituzte hilabete honetan

Egoitzatik "eskerrak" eman dizkiete ekintzak aurrera eramaten laguntzen dute boluntarioei

Udarekin batera, San Martin Egoitzan ibilaldien garaiari ekiten diote. Hala, hilabete honetan hainbat ekimen burutu dituzte. Ekainaren 3an eta 10ean, esaterako, Magdalenako Kapillara ibilaldiak prestatu zituzten. Gero, ordea, eguraldi txarragatik bertan behera utzi behar izan zituzten biak. Hala ere, boluntarioek prestatutako merienda berezirik gabe ez ziren geratu egoitzako egoiliarrak.

Ekainaren 19an, berriz, ez zien hutsik egin eguraldiak eta urteroko ohiturei jarraituz, Zarautzera joan ziren egun pasa 20 egoiliar eta 20 boluntario. Goizean hondartza inguruan paseoan ibili ziren eta hondartzari begira bazkaldu zuten geroago. Afal ordurako itzuli ziren egoitzara.

"Eskerrak" boluntarioei

San Martin egoitzatik "eskerrak" eman dizkiete ekintzak aurrera eramaten laguntzen duten boluntario guztiei. Azaldu dutenez, "horiek gabe ekintza asko ezingo genituen egin, batetik eta bestetik, beraien parte-hartzearekin egoiliarren bizitza kalitatea hobetzen laguntzen dute".