Presoei elkartasuna adierazteko II. Boulder Txapelketa antolatu dute

Urola Kostako Hitza 2008ko eka. 23a, 11:06
'Euskal Presoak Euskal Harrietara!' lelopean joan den ostegunean aurkeztu zuten II. Boulder Txapelketa, Gaztetxean.

Euskal presoak Euskal Harrietara! lelopean egingo dute hilaren 27an eta 28an, Gaztetxean

Dagoeneko txapelketan izena emateko epea ireki dute: Azpeitian, kiroldegian, Txarrantxan, Etxe Zurin eta Lokotxen, eta Azkoitian, Zakelan.

Euskal Presoak Euskal Harrietara! lelo hartuta, II. Boulder Txapelketa Herrikoia antolatu dute hilaren 27rako eta 28rako, Azpeitiko Gaztetxean. Euskal presoei elkartasuna adierazteko egingo dute kirol lehiaketa: "Txapelketa, tamalez berriro ere urratuak diren oinarrizko eskubideak aldarrikatzeko eta eskubide horiek defendatzeko lanean dabiltzanei elkartasuna adierazteko antolatu dugu. Euskal presoen eskubideetaz ari gara: gaixotasun sendaezinak dituzten presoen kaleratzeaz; zigorra beteta izan, eta mendeku hutsagatik, bizi osoko kartzelarekin zigortu nahiaz; senide eta lagunek sakabanaketarekin erantsitako zigorragatik milaka kilometro egin beharraz...".

Gainera, "Espainiako Estatuaren politika errepresiboa" ere salatu nahi dute, boulderra eginez: "Presoen arazoa gizarteratu eta haien senideei eta lagunei babesa eskaintzeagatik, Amnistiaren Aldeko Mugimenduko 27 kide epaitu dituzte, eta aurrez erabakitako epaia ezarriz, kartzelaratuak izango dira".

Elkartasuna adieraztearekin batera, kirola sustatu nahi dute Boulder Txapelketaren antolatzaileek, "parte-hartzea bultzatuz eta ikuskizuna eskainiz".

Dagoeneko txapelketan izena emateko epea ireki dute: Azpeitian, kiroldegian, Txarrantxan, Etxe Zurin eta Lokotxen, eta Azkoitian, Zakelan. Bestetik, txapelketako kamisetak ere atera dituzte eta salgai daude aurrez aipatutako tokietan. Parte-hartzaileei dortsalarekin batera kamiseta emango diote, eta guztien artean eskaladarako materiala zozkatuko dute.

II. Boulder txapelketa herrikoia

II. Boulder Txapelketa Herrikoiaren baitan antolatutako ekitaldi guztiak Gaztetxean egingo dituzte.

Ekainak 27, ostirala

21:00etatik aurrera.

  • Ikus-entzunezkoa.
  • Kaxen dorrea txapelketa.
  • Boulder erakustaldia.

Ekainak 28, larunbata

  • 10:30. Boulder txapelketarako izena emateko epea bukatuko da.
  • 11:00-13:30. Boulder Txapelketarako sailkapeneko probak: behe mailan eta ertainean.
  • 12:00. Elkartasun argazkia aterako dute, txapelketan bildutakoek.
  • 16:00. Behe mailako eta maila ertaineko txapelketako finalak.
  • 19:30. Satelite-en (goi mailkoak) norgehiagoka boulderrean.
  • 21:30. Afaria.