Antzerki ikastarokoek San Joan bezperan kalejira egingo dute

Urola Kostako Hitza 2008ko eka. 23a, 10:06

Gaur, astelehena, herriko plazan egingo den suaren inguruko festan parte hartuko dute

Udaleko Kultura Sailak antolatutako antzerki ikastaroan hamabi lagunek parte hartu dute

Udaleko Kultura Sailak antolatutako antzerki ikastaroan ibili direnak, San Joan bezperan kaleratuko dute ikastaroan ikasitakoa. Herriko plazan egingo den suaren inguruko festan parte hartu eta kalejira egingo dute.

Oraingoz antzerki ikastaroko saioekin bukatu dute. Hamabi lagunek hartu dute parte, eta Inaxio Tolosa zumaiarra izan dute antzerki irakasle.

Jarraitzeko asmoa

"Antzerki ikastaroa oso ondo joan da", udal arduradunek azaldu dutenez. Orain, Udalaren asmoa "parte hartu dutenekin hitz egin, eta aurrera begira zer egin daitekeen adostea da". Dena den, antzerki ikastaroak irailetik aurrera "jarraipena" izango duela aurreikusten dute.

Astelehen iluntzean, San Joan bezperan, egingo duten kalejirarekin antzerki ikastaroari bukaera eman nahi diote.