Ama, artista izan nahi dut!

Urola Kostako Hitza 2008ko eka. 20a, 11:06
ETBk eta Pausokak udan grabatu behar duten 'Go!azen' film musikalerako egindako hautaproba.

ETBk eta Pausoka ekoiztetxeak ‘Go!azen’ film musikala grabatuko dute, udan, Azpeitian

Figurante moduan aritzeko inguruko herrietako bizilagunen bila dabiltza eta hautaproba egingo dute laster

Antzerki eta film musikatuek gorakada ezagutu dute azken urtetan. Moda honi jarraituz, Euskal Telebistak eta Pausoka ekoiztetxeak Go!azen film musikala prestatzeri ekin diote.

Azpeitia inguruan grabatuko dituzte filmaren hainbat eszena, uztailaren 14tik abuztuaren 8a bitartean. Filmaren protagonistak aukeratu dituzte dagoeneko, hautaproba baten bidez. Orain, ordea, tropeleko aktore gazteen bila dabiltza.

Horretarako, 15-20 urteko neska- mutilak behar dituzte, filmean figurante bezala aritzeko. Gurasoen papera beteko duten 40-50 urte bitarteko helduak ere behar dituzte. Gauzak horrela, Azpeitiko eta inguruko herrietako ikastetxeetan filmaren berri ematen duen oharra zabaldu dute ekoizleek, filmean parte hartu nahi duten lagunak topatze aldera.

Interesa duten guztiek, ondorengo telefono zenbakira deitu dezakete izena emateko: 943 101347. Gainera, posta elektroniko bidez ere izena emateko aukera jarri dute, musikala@pausoka.com helbidean.

Ekoiztetxeak oraindik ez du zehaztu figuranteen hautaproba noiz egingo duten, baina prentsaren bidez jakinaraziko dutela adierazi dute. Tokia ere ez dute oraindik zehaztu, Azpeitian izango dela baieztatu arren.

Abesti ezagunak

Go!azen filmak 16 urteko neskamutil talde batek Basakabi izeneko udalekuan bizi dituen abenturetan eta maitasun harremanetanb oinarritzen da.

Filmaren ekoizleek jakinarazi dutenez, hautatutako aktoreek estilo eta erritmo berrietara egokitutako hamar abesti baino gehiago abestu eta dantzatu beharko dituzte, "emaitza guztiz diferentea eta originala sortuz" gainera. Kontakizunean Itoiz taldearen Lau Teilatu eta Ertzainak-en Aitormena bezalako abesti klasikoez gain, azken urteetan oso ezagunak egin diren beste hainbat kanta ere tartekatuko dute. Hala nola, Ken Zazpiren Ilargia edo The Uski’s-en Horrelako kantak entzungo dira filmean.