Juan Antxieta Musika Eskolakoek jai nagusia dute

Urola Kostako Hitza 2008ko eka. 20a, 11:06

.25. urteurreneko jaialdian gaur egungo ikasleek, ikasle ohiek eta irakasleek hartuko dute parte

Ospakizuna bihar, larunbata, izango da, 19:30ean hasita

Juan Antxieta Musika Eskolak 25 urte bete ditu aurten, eta hori ospatzeko jaialdi nagusia bihar egingo dute Izarraitz pilotalekuan, 19:30etik aurrera. "Ikasturte bukaerako jaialdia egiteaz gainera, 25. urteurrena ospatzeko jai nagusia izango da", diote Musika Eskolakoek.

Jaialdian, ez dute gaur egungo ikasleek bakarrik parte hartuko, horiez gain ikasle ohiak eta irakasleak ere han izango baitira: "Ez ditugu ahaztu nahi, era batera edo bestera, Musika Eskolarekin lotura izan dutenak: gurasoak, batzordekideak edota behar izan dugun bakoitzean laguntza eman digutenak". Hori dela eta, "lotura" hori izan dutenak eta herritarrak jaialdira gonbidatu dituzte.

Jaialdia, hainbat doinuk, kantak eta dantzak osatuko dute , besteak beste hauek: trikitia, panderoa eta dantza, teklatua eta pianoa, akordeoia, gitarra,abesbatza, balleta, flauta, orkesta eta banda. Jaiari bukaera Eztake taldearen 25 urte kantarekin emango diote.