Izarraitz-Txoko, bailarako elkarte zaharrenak, 75 urte beteko ditu aurten

Uztarria.eus 2008ko eka. 18a, 14:06

Ekainaren 29an festa egingo dute elkarteko bazkide, bazkide ohi eta horien familiakoen eta lagunen artean

Egun, 40 bazkide ditu Azpeitiko soziedade honek

Azpeitia soziedadeen herria dela diote zenbaitek. Bailarako elkarterik zaharrena ere hemengo da eta aurten urteak borobildu egingo ditu, Izarraitz-Txoko elkarteak 75 urte beteko ditu.

Urteurrena lagun artean ospatzeko asmoa dute bertako bazkideek eta festa antolatu dute sanpedroetarako. Ekainaren 29rako antolatu dute festa. Lehenengo, 12:00etan, meza egingo dute Loiolako basilikan. Gero, 13:30ean, luntxa izango dute gerturatzen direnek elkartearen kontura eta jarraian, bazkaldu egingo dute Kirurin bertan. Bazkariaren prezioa 50 euro dela azaldu dute, eta jatorduan parte hartu nahi duenak izena honako hauetakoren bati eman beharko dio: Meliton Santestebani, Jose Luis Otamendiri edota Iñigo Agirreri.

Udazkenean ospakizun gehiago

Lagunarteko festa honetaz aparte, udazken alderako hainbat ekimen aurrera ateratzeko asmoa azaldu dute Izarraitz-Txokokoek. Iñigo Agirre elkarteko bazkidearen arabera, "batetik, elkartearen 75. urteurrena ospatzeari begira egingo ditugu ekimenok. Baina, bestetik, sansebastianetatik aparte, urtean zehar elkarteak bakoitza berean galduta ibiltzen garelako antolatuko ditugu".

1933an sortua

1920. urtearen bueltan sortu ziren zenbait elkarte Gipuzkoako hainbat herritan. Ordurako Donostian hainbat elkarte sortuta eta hedatzen hasita zeuden. 1933an sortu zuten Azpeitian Izarraitz-Txoko elkartea, eta gure bailaran ireki zuten aurreneko soziedadea izan zen. Egun, 40 bazkide ditu, denak gizonezkoak. Hainbat adituren arabera, sansebastin festek eta karnabalek eragin zuten, hein handi batean elkarteen sorrera.

Ikusi Azpeitiko soziedadeak banan-banan