Emakumeen Mahaia "indartuta", orain diagnosia egiteari ekin diote

Urola Kostako Hitza 2008ko eka. 18a, 11:06
Emakumeen Mahaian parte hartzen dutenak, astelehenean, Bageran.

Udaleko Parekidetasun Batzordearen "motorra" Emakumearen Mahaiak izan behar duela diote

Bihar, osteguna, bilera irekia egingo dute, bukatu berri duten ikasturtearen eta datorrenaren inguruan hitz egiteko

Azpeitiko Emakumeen Mahaiko kideek eta Udaleko Parekidetasun Batzordekoek 2007-2008 ikasturteko balorazioa egin eta datorrenerako, 2008-2009ko, asmoen berri eman dute. Udaleko Parekidetasun batzordeburu Leire Ibargurenen esanetan, aurten Emakumeen Mahaia indartu dute eta orain diagnosia egiteari ekin diote, Parekidetasun Plana diseinatzeko.

Parekidetasun Batzordearen "motorra" Emakumeen Mahaiak izan behar duela diote, eta aurtengo lehen apustua mahaia indartzea izan da: "Indartzea lortu da, eta une honetan hamalau lagunek osatzen dugu; adin eta sektore desberdinetako emakumeak ordezkatuta gaude". Dena den, Mahaia irekia dela azpimarratu dute, "gizarteko esparru desberdinetan emakumeok pairatzen dugun bazterketa gainditzeko helburuarekin lan egiteko prest dauden emakume guztiek tokia dute".

Agintaldi berria abian jartzearekin batera sortu zuten Udal Parekidetasun Batzordea, "emakumeek jasaten dituzten bazterketa egoerei aurre egiteko bitartekoak jartzeko". Eta aurten, apirilean, Parekidetasuneko teknikaria kontratatu dute. "Gainera, Batzordeak aurrekontu propioa izatea lortu dugu. Aurten, 69.000 eurokoa da", dio Ibargurenek.

Parekidetasun Plana diseinatu bitartean, kalerako programa lantzen jardungo dutela azaldu du Emakumeen Mahaiko Alaitz Olaizolak. Urte osoan hainbat ekimen egin dituzte, eta batzuetan parte-hartze handia izan da. Besteak beste, honakoak antolatu dituzte: "Antzerki tailerra; gitarra ikastaroa; eskulanetako, bolilloko eta josteko ikastaroak; Chi Kung, marrazki artistikoa eta margolanak; eta astrologia psikologikoa". Horrez gainera hitzaldiak, antzerki ikuskizunak eta tailerrak ere egin dituzte: "Esaterako, ikastetxeetan neskentzako autodefentsa ikastaroak eman ditugu; mutilentzako, berriz, bortizkeriari aurrea hartzeko ikastaroak".

Hurrengo egitasmoak

Sexu Askapenerako Nazioarteko Egunari lotutako hainbat ekitaldi ere antolatu du Emakumearen Mahaiak datozen egunetan. Hilaren 20an eta 27an zine emanaldiak izango dira udaletxeko arkupetan, 22:00etan. Eta hilaren 26an, Emakume lesbianen ikusgaitasuna eta parte-hartzea Euskadin gai hartuta hitzaldia izango da, 20:00etan, Sindikatu Zaharrean.

Datorren ikasturtean ere kalera begirako programazioa lantzen jarraitzeko asmoa dute. Baina, horrez gainera, Azpeitiko emakumeen eta gizonen egoerari buruzko diagnosi integrala egitea dute helburu, "ondoren, diagnosi horren ondorioetan oinarritutako Berdintasun Plana diseinatzeko".

Ikasleei zuzendutako egitasmo bat ere martxan jarriko dute 2008-2009 ikasturtean: "Sexu heziketa eta hezkidetza era integral batean lantzeko proiektua jarriko dugu abian", diote.

Bihar bilera zabala

Bukatu berri duten ikasturtearen eta datorrenaren inguruan hitz egiteko Emakumearen Mahaiak bilera irekia deitu du, bihar, osteguna, 19:00etan, udaletxeko batzar aretoan.