Iñaki Iturain: "Euskararen normalizazioan bereziki udalek dute zeregin garrantzitsua"

Urola Kostako Hitza 2008ko eka. 13a, 12:06
Iñaki Iturain Uemako Zuendaritza Batzordeko kidea.

Bihar, larunbata, Azpeitian Uema Eguna ospatuko da, eta egun horren baitan egingo du elkarteak Batzar Orokorra

Gainera, Azpeitia ofizialki udal elkartean sartuko da

Iñaki Iturain (Orio, 1956) Uemako Zuzendaritza Batzordean Aralarren ordezkaria da eta Orioko Udalean zinegotzia ere bada. Bihar (ekainak 14, larunbata) Uema Egunean egingo duten Batzar Orokorrean parte hartuko du.

Bihar Uema Egunean ofizialki bost udalerri sartuko dira Ueman. Hori garrantzitsua izango da, ezta?

Uemak bi funtzio ditu: batetik, kide diren herriei zerbitzua eskaintzen die; bestetik, neurri batean sinbolikoki bada ere, euskal gune bat sortzen du: lur bat mundu honetan, non hizkuntza nagusia euskara den eta bertako biztanleak, gehienak, euskaraz bizi diren. Beraz, lurgune bat non zilegi den funtzio asko euskara hutsean betetzea. Mezu hori zabaltzeko Uemak paper garrantzitsua betetzen du. Neurri horretan, herri berriak sartzea albiste ona da eta, era berean, beste batzuk ateratzea albiste txarra da.

Azpeitia sartuta eskualdeko sei herri egongo dira Ueman.

Eskualde hau da munduko eskualderik euskaldunena. Alde horretatik, erakundeak eta, bereziki, udalek hor zeregin garrantzitsua daukate. Hemen ez badugu lortzen euskararen normalizazio erabatekoa, ez da inon lortuko eta horrek garrantzia du. Hori herri bakoitzean lor daiteke, Ueman sartu gabe ere. Ez dut esaten Uema ezinbestekoa denik, baina bai udalek garbi eduki behar dutela euskara normalizatzeko lana udaletxe barrutik hasi behar dela: han herritarrei eskaintzen zaien zerbitzua euskaraz egin beharra dagoela. Eta barruko lan hizkuntza ere euskara izan behar dela. Ez bada eredu hori ematen udaletxeetatik, jai dago. Lehenengoan eragin beharra dago, bestela kontraesan handia dago: hemen udal gehienetan alderdi abertzaleek agintzen dute, eta haiek darabilten diskurtsoarekin ez letorke bat. Normalizazio horrek ekarriko luke kanpotik etortzen direnek ikustea hemen, herri hauetan, euskara ikastea ezinbestekoa dela eta bestela asko dutela galtzeko; gizarte horretan, bertako hizkuntza ez badute ikasten galtzeko asko dutela. Bereziki eta nagusiki mezu hori zabaldu behar da. Eta mezu hori, jakina, eredu emanda zabaltzen da.

Azpeitiri Ueman egoteak zer abantaila ekarriko dizkio?

Nik uste dut, kasu honetan, Uemak Azpeitiri baino alderantziz izango del. Harremana hartzea eta ematea da. Kasu honetan, nik uste dut Uemak berak irabaziko duela gehiago, Azpeitia izango delako Uemako herririk handienetakoa, eta erabat euskalduna. Baina, batez ere, Azpeitik lehendik euskararen alorrean ekarpen handia egin du eta gauza on asko egin ditu: Uztarria Kultur Koordinakundea sortuz eta handik eratorritako aldizkari eta abarrekin; udaletxean bertan erabilerarako egindako planak... Alde horretatik, Uemak egindakoa baino ekarpen handiagoa egingo du Azpeitik. Nolanahi ere, azpeitiarrak aberastu egingo ditu urte batzuek dituen erakunde bateko partaide izateak, baita izan eta ditugun esperientzien jabe eta parte izateak. Lana elkarrekin bakarrik baino hobeto egiten delako.

Azpeitiko Udalbatzak sartzea erabaki zuen, baina EAJk kontra bozkatu zuen. Geroztik, herri batzuk irten egin dute Uematik.

Dirudienez, hori EAJren barruan dauden tentsio, kontraesan edo barne borroken ondorio bat da. Azpeitian EAJk ezetz bozkatu geroztik, Mallabia sartu da Ueman eta hango EAJko zinegotziek, denek aho batez, baiezkoa eman zioten sartzeari; gainera gogo onez eta defendituz. Ez dago postura bateraturik. Nolanahi ere, hau dena, gure herriak bizi duen egoera politiko desegonkor eta berezi honetatik dator. ETAk segitzen du bere borrokan, EAE ez da publikoki eta garbi desmarkatzen borroka horretatik, EAEk gobernatzen du udal batzuetan eta EAJ ez da eroso sentitzen. Hala ere, uste dut egoera horrek ez lukeela zertan eragin zuzena izan behar gai honetan. Nazioa eraiki behar dugu, eta nazioa eraikitzeko elementurik garrantzitsuena hizkuntza dugu eta haren egoera normaltzea. Uste dut gatazkaren gainetik aritu behar genukeela, eta ez da hala gertatzen. Horren ondorioa da EAJk udal batzuetan atzera egitea eta ez parte hartzea Ueman. Azkeneko Uemaren batzar orokorrean ere ez zuten parte hartu. Uste dut mezua bidali behar zaiela: egoera daukaguna daukagula, baina horren gainetik bultzatu behar ditugula hainbat politika bateratu, batez ere hizkuntzaren alorrean.

Beste herri batzuk ere Ueman sartzeko asmotan dabiltza, ezta?

Bai, besteak beste, Bergara. Pauso batzuk emanda dituzte, gainera.

Uema Egunean parte hartzeko gonbita nola egingo zenioke herritarrei?

Uema erakunde bat da, elkarte bat da, herri batzuen elkartea. Herri guztiek izan behar dute festa egun bat, eta Uemak ere behar du bere San Uema. Euskal Herri euskaldun batean sinesten duen jendeari etortzeko esango nioke; Uema horretan elementu bat da, bere bidea egiten eta jorratzen ari dena.