"Urrestillako beharrak ahaztuta ez geratzeko" lanean ari dira udazkenetik

Urola Kostako Hitza 2008ko eka. 12a, 12:06
Urrestillako Herri Batzordean lanean ari diren batzuk.

Iaztik hilero biltzen da Urrestillako Herri Batzordea, beharrak aztertu eta Udalari proposamenak egiteko

Batzordekoen nahia, hasiera-hasieratik, eurek egindako lana edota eskaerak Udalak aintzakotzat hartzea izan da

Urrestillako Herri Batzordea iaz sortu zuten, azaroan, eta ordutik Urrestillan hainbat alorretan zeuden, dauden eta egon daitezken hutsuneak edota beharrak aztertu eta proposamenak eta eskaerak Azpeitiko Udalera bideratu dituzte, "ahal den neurrian behintzat". Herri Batzordekoen helburuetako bat, "bileretan aipatutako kontuak kontuan hartzen jarraitzea eta atzera ahaztuta ez gelditzea da".

Urrestillako Herri Batzordea Udaleko ordezkariek deituta egindako bilera irekiaren ondoren sortutakoa da: "Talde irekia eta zabala izatea zen asmoa eta Udalak deitutako bileran plazaratu ziren beharretatik, nahietatik eta kezketatik abiatuta, Udalera proposamenak eta eskaerak bideratzea izan da helburua". Bilera irekiaren ondoren, taldea osatzeko izena emateko epea zabaldu zuten abenduan. "Izena emateko epea bukatu ondoren, hamabost bat lagunekin osatu genuen batzordea eta lehen bilerak urtarrilean egin genituen". Urtarriletik hilero elkartzen da Herri Batzordea.

Askotariko gaiak

Urrestillako beharrak eta gabeziak lantzerako orduan, azaroan udal ordezkariekin egindako bileran plazaratutako gaiak hartu zituzten abiapuntu bezala: "Asko eta askotarikoak izan ziren: sustapen publikoko etxebizitzak; haur eskola martxan jartzea; trafikoarekin eta mugikortasunarekin lotutakoak; hirigintza mailakoak; azpiegitura mailakoak; garraioaren lotutakoak...".

Hortik abiatuta, Urrestillan bertan egindako lehen batzarrean mahai gainean jarritako hainbat eta hainbat gai landu ditu Herri Batzordeak, martxan egin duen urte erdiko ibilbidean. Horren haritik, hainbat eskaera ere egin dizkiote Azpeitiko Udalari: "Geure xumean, gai haietako asko edo gehienak hizpide izan ditugu; taldekoen ikuspuntu desberdinak kontuan hartuta, hainbat eskaera ere bideratu dugu eta, kasu guztietan ez bada ere, oro har Udaletik erantzuna jaso ditugu".

Batzordekoen nahia, hasiera-hasieratik, eurek egindako lana edota eskaerak Udalak aintzakotzat hartzea izan da: "Gure eskaerak eta proposamenak aintzat hartzea eta erantzunak izatea da Batzordetik eskatu izan duguna; erantzuna baiezkoa edota ezezkoa izan, erantzun bat jasotzea eskatu dugu".

Gainera, eskatu dituzten hainbat gai dagoeneko aurrera ere atera direla diote: "Guk egindako zenbait eskaera gauzatu dira, baita zenbait ekimen antolatu ere, gaztetxoei zuzendutakoak, batik bat".

Dena dela, azaroan Batzordea sortu aurretik egindako bileran herritarrek mahai gainean jarritako gai batzuk gauzatzeko denbora beharko dela diote Herri Batzordekoek: "Bistakoa denez, hainbat gai ez dira goizetik gauera egiteko modukoak". Dena den, eskaera edota behar horiek ahaztuta gelditzerik ez dute nahi. "Luze joko badute ere, gure helburua aipatutakoak kontuan hartzen jarraitzea da eta ahaztuta ez gelditzea".

Haur eskola Urrestillan

Epe luzerako lehentasunak ere finkatuta ditu Urrestillako Herri Batzordeak, eta tartean, Urrestillan haur eskola jartzeko asmoa dute. "Lehentasunen artean dago, haur eskola martxan jartzeko egon daitezkeen aukerak aztertzea eta proiektu hori bultzatzea", diote. Horrez gainera, herri barruko trafikoa eta aparkalekuen kontua ere lehentasunen artean ipini dute, "ibilgailuen eta oinezkoen arteko elkarbizitza orekatuago bat izateko".

Urtea bukatu baino lehenago beste batzar ireki bat deitzeko asmoa du Urrestillako Herri Batzordeak, "egindako lanaren inguruko azalpenak emateko, egitekoak gogorarazteko eta, hala balitz, behar berriak ere kontuan hartzeko". Gainera, Herri Batzordean parte hartzeko deialdia ere berritu egingo dute, "orain arte batzordeko kide izan ez direnei horretarako aukera berria emanez".