Ezinean-ek 'Zuretzat' diskoa aurkeztu du, musika taldearen bigarren lana

uztarria.com eta Urola Kostako Hitza 2008ko eka. 4a, 12:06
Goiko argazkian, Ezinean taldekoak. Behekoa, berriz, diska berriko azala da.

"Gure kara grabatzeko apustua egin dugu disko honekin, geureagoa izateko", dio Iban Amenabar taldeko abeslariak

Hamabost kanta ditu diskoak denera; hamalau euskaraz eta bat ingelesez

Ezinean Azpeitiko musika taldeak Zuretzat diskoa atera du. Musika taldearen bigarren lana atzo, asteartea, aurkeztu zuten Donostian. Ordu askotako lanaren ondorioa da disko berria: "Guk gure kasa grabatzeko apustua egin dugu disko honekin, geureagoa izateko". Lan handia dela diote, baina hala ere, gustura aritu dira. Disko berriaz solasean aritu da Iban Amenabar taldeko abeslaria uztarria.com-ekin.

Disko berria ezinean, ala erraz lortu duzue?

Egia esan behar al da hala… Disko berria geure aldetik grabatzeko apustua egin genuen, gureagoa izango zen diskoa nahi genuelako. Horrek ekarri du ordu asko sartu beharra eta dezente saturatuta ibiltzea. Lan handia izan da eta alde horretatik pixka bat ezinean ibili gara, baina gusturago aritu gara, aldi berean. Lehenengo diskoarekin ere denek hori galdetzen ziguten baina 'Ezinean’, izena besterik ez da, guk oso ondo pasatzen dugu.

‘Zuretzat’ izena jarri diozue diskoari, zer dela eta?

Kantu baten izena ez genion jarri nahi diskoari, kantu baten gaiarekin disko osoa ez genuelako ordezkatu nahi. Azkenean, Zuretzat, alegia, jendearentzako. Bakoitzari sentsazio ezberdina emango dio diskoak eta guk ere hori nahi dugu: bakoitzak bere erara interpretatu dezala, nahi duena egin, nahi duenean entzun, nahi duen lekuan. Askatasun horrekin, zuretzat.

16 kanta eta ia denak euskaraz.

Kanta bat da ingelesez, eta beste guztiak euskaraz dira. Guk entzuten dugun musika dena ingelesez da eta fonetika desberdina da. Ilusioa egiten zigun abesti bat ingelesez idaztea. Hala, kanpoan doktoradutza egiten ari den lagun batek kanta baten letra egingo zigula proposatu zigun eta hari esan genion ingelesezko letra egiteko. Gainontzeko kanta denak euskaraz egin ditugu. Azkenean, esatea nahi dugun hori hobekien euskaraz esaten dakigulako eta gurea delako.

Berrikuntzarik ba al dakar disko berriak?

Aldaketa bakarra Oihan Lizasok taldea utzi eta Jon Regaño Seke hasi dela jotzen. Bestela, egitura aldetik-eta berdinarekin segitzen dugu eta estilo aldetik ere bai. Hardcore melodikoa egiten dugu orain ere. Igual kantak lehengo diskotik musikalki hobeak dira, zailagoak dira jotzeko, eta egitura aldetik landuagoak bezala dira. Denbora gehiago hartu dugu horretarako eta ez da harroa izateagatik, baina orain lehen baino hobeagoak izango gara ezta?

Noiz hasi zineten grabatzen?

Disketxeak libre utzi zigun grabazioaren gaineko erabakia. Guk kantatzeaz gain, lan egiten dugu egunero eta estudio batera joateak bi aste horretarako hartzea suposatzen du. Alde horretatik aukera ona ikusi genuen Landetan Josuk duen Lobo estudioetan grabatzea eta hala egin dugu. Hala, gabonetan eta aste santuetan aritu gara grabatzen, batez ere. Landetan, hala ere, instrumentuak grabatu genituen. Ahotsak, berriz, Zarauzko Noise estudioetan grabatu genituen. Gero, nahasketak Oihan Lizaso lehengo taldekidearen etxean egin ditugu. Lizaso izan da grabazioko teknikoa.

Bideoklipa ere prestatu duzue ezta?

Bideoklipa Urrestillako lokalean grabatu dugu. Sustak lagundu digu horretan. Asmoa zen diskoarekin batera, bigarrengo singelaren aurkezpeneko bideoklipa egitea. Hala, bideoklipa grabatzeko aitzakian, festatxo bat muntatu genuen. Natasha Films-ekoen erabili dugu. Denbora batean geldirik zeudela eta lokala erabiltzeko baimena eman ziguten. Orain garbiketan harrapatu gaituzu.

Ekainaren 6an Markinan joko duzue. Hurrengo egunean, berriz, Sanjuandegiko festetan. Ondoren, zein etorriko dira?

Ekainean bost kontzertu eskainiko ditugu. 6an Markinan (Bizkaia), 7an Sanjuandegin, 20an Abaltzisketan (Gipuzkoa) , 25ean Iruñeko Txantrea auzoan (Nafarroa) eta 27an, berriz, Belendizeko (Bizkaia) Gazte Egunean joko dugu.

Eta Azpeitian jotzea zer moduzko esperientzia da?

Talde askok esaten dute Azpeitiko plaza dela okerrena, Azkoitikoaren antzera. Guk Azpeitian eskainita gaude kontzertua eta hamar lagun gu entzuten. Gero, diskoa atera ondoren eta Euskadi Gaztean-eta entzuten hasi ginenean jende dezente etorri zen kontzertura. Eta guk esaten genuen: “gu lehengo igualak gara, berdina jotzen dugu eta Euskadi Gaztean bi kantu jarri dituztelako jende piloa etorri da”. Azkeneko urtean, berriz, alegia, iaz, plaza beteta zegoen. Abuztuaren 1ean jo genuen Azpeitiko plazan eta jende asko zegoen. Irratiak asko egiten du.

Disko berriak lehenengoak adinako arrakasta izango ote du…

Arrakasta izatea ez dakit zer izango den baina egia esan, lehenengo diskoak dezenteko oihartzuna izan zuen, kontuan hartuta inork ez gintuela ezagutzen. Orain, bide bat eginda daukagu dagoeneko eta hortik aurrera abiatzen zara. Beste alde batetik, ordea, jendeak igual zerbait espero du eta agian ez da espero bezalako ona bigarren diskoa. Lehenengo diskoan ez daukazu inori ezer eman beharrik, hasi berria zara eta kontzertuetan-eta ondo pasa ez besterik ez duzu egiten. Zentzu horretan irabazteko gehiago bezala duzu. Ikusiko dugu zer gertatzen den.

Diskoa. Zuretzat.

Taldea. Ezinean.

Kantak. 15 kantu jaso dituzte: Zapalduak, Zure kolorea, Yupiren mundua, Emakume, Antifreedom Conspiration, Ez dakit, Kontaidak, Gran Hermano, Hor al zaude, The uncle Moe's Ranch Country & Rock, Bukatu dira, Dena ondo, Barkamena, Ez garena izan nahian eta Borroka asko.

Taldearen hurrengo kontzertuak:

  • Ekainak 6, ostirala: Markinan, Uhagon aretoan.
  • Ekainak 7, larunbata: Azpeitian, Sanjuandegiko jaietan.
  • Ekainak 20, ostirala: Abaltzisketako jaietan.
  • Ekainak 25, asteazkena: Iruñeko Txantrean, Akelarre tabernan.
  • Ekainak 27, ostirala: Belendizen, Gazte Egunean.