Nekane Zinkunegi eta Eneritz Arzallus errezildarrek Gipuzkoako Eskolarteko Bertsolaritzako finala jokatuko dute

Urola Kostako Hitza | Kultura
2008ko mai. 30a, 11:05

.14 urtetik 18 urtera bitartekoen artean lehiatuko dira

"Gure asmoa ahalik eta ondoena kantatzea da", azaldu dute errezildarrek

Gipuzkoako Eskolarteko Bertsolaritzako finala jokatuko da gaur, ostirala, 16:00etan, Iruran. Finalera, Nekane Zinkunegi eta Eneritz Arzallus errezildarrak heldu dira, 14 urtetik 18 urtera artekoen artean. 14 urte artekoetan, berriz, Zarautzekoek jokatuko dute azken lehia. Errezildarrek 'Urola Kostako Hitza'-ri azaldu diotenez, "esperantzarik ez" dute txapela ateratzeko, "gure asmoa ahalik eta ondoena kantatzea da". Finalean aurkezle, Andoni Egaña ariko da. Epaile, berriz, Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko gai-jartzaile taldeko kideak jardungo dute: Patxi Petrirena, Nahikari Gabilondo eta Zigor Leunda.

Eskolarteko Txapelketako paperekoan, Nagore Arzallus errezildarrak aipamen berezia jaso du.

Finaleko Parte-hartzaileak

.14 urte artekoak (taldeka):

  • Zarautz
  • Hernani
  • Goierri-Asteasu
  • Zumarraga-Urretxu

.14 urtetik 18 urtera artekoak:

  • Nekane Zinkunegi (Errezil)
  • Eneritz Arzallus (Errezil)
  • Ane Labaka (Lasarte)
  • Asier Azpiroz (Zubieta)
  • Endika Igartzabal (Gabiria)
  • Ainhoa Mujika (Beasain)
  • Beñat Alberdi (Oñati)
  • Oihana Igaran (Amasa)
Bidali:  

Erantzunak

Erabiltzailearen aurpegia da hau Uztarria | 2008-06-02 : 11:06

Errezildarrak "gustura" aritu ziren finalean

Ostiralean jokatu zituzten finalak Iruran. 14 urtetik beherakoen artean Amaia Urbieta zarauztarra nagusitu zen. 18 urte bitartekoen artean, berriz, Ane Labak lasartearra. Nekane Zinkunegi eta Eneritz Arzallus errezildarrak ere finalean izan ziren eta maila ona erakutsi zuten. Zinkunegi "gustura" gelditu zen finalean egindako lanarekin: "Gustura jardun genuen eta gustura gelditu naiz egindako lanarekin, akatsik gabe egin genuelako. Zein postutan gelditu garen ez dakigu, ordea, bigarrenetik atzerakoen hurrenkera ez dutelako esaten". Zinkunegiri eskolarteko txapelketako jarduna bukatu zaio: "Aurtengoa azken urtea izan da, 18 urtera artekoa delako. Eneritz Arzallusi beste urtebete gelditzen zaio".

Hemendik aurrera, bertso saio batzuk hitzartuta dituela dio errezildar bertsolariak, "batzuk badauzkagu". Udazkenean, berriz, Erniarraitz Bertsozale Elkarteak antolatzen duen Bertso Parrandan parte hartuko du.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu