Iraurgi saskibaloi Elkarteko beheko taldeek "denboraldi bikaina" egin dute

Urola Kostako Hitza 2008ko mai. 28a, 11:05
Aitor Uriondo izan da Lan Mobel taldeko entrenatzailea.

Junior eta kadete mailetan finalerdi guztiak jokatu dituen Gipuzkoako elkarte bakarra da Iraurgi Saskibaloi Elkartea

Aitor Uriondok Lan Mobel taldea entrenatzeari utzi egingo dio; Iraurgin "oso gustura" egon dela esan du

Iraurgi Saskibaloi Elkarteko ia talde guztiek bukatu dute denboraldia, eta dagoeneko elkartekoak datorren denboraldiari begira lanean hastekotan dira. Lehen taldeak, EBA Ligako Lan Mobel Iraurgik, ez duela lan txarra egin diote, baina igoera fasea jokatzeko gogoarekin gelditu dira. "Seigarren gelditzea ez da txarra, baina igoera fasea jokatzeko moduko taldea geneukan", diote. Beheko taldeetan, berriz, Gipuzkoako onenetakoak izan dira saskibaloi elkartekoak: "Gipuzkoa mailan, junior eta kadete mailetako finalerdi guztiak jokatu dituen elkarte bakarra izan gara. Denboraldi bikaina egin dugu".

Mutiletan, Probintzial mailan jarritako helburua bete dute denboraldi honetan. Errotaundik mailaz igotzea lortu du, Probintzial mailatik Autonomikora. "Lehen talderako jokalariak prestatzeko eta hezteko maila ona da Autonomikoa, baina herriko jendearekin maila horretan jokatzea zaila izango dugu, oso jokalari gazteak ditugulako. Aspalditik maila hori lortu nahian ibili gara eta denboraldi honetan segidan 11 partida irabaztea eta iristea dugu. Probintzialeko taldean Ibargutxik eta Martinezek egin duten lana ere nabarmentzekoa izan da", dio Iraurgiko Jose Luis Zubizarreta Xubi-k.

Juniorretako eta kadeteetako Iraurgiko taldeek denboraldian egin duten lana ere "ona" izan dela diote Iraurgiko arduradunek, "bi maila horietan lau finalerdiak jokatu ditugun Gipuzkoako klub bakarra gara". Gainera, juniorretako mutilen taldea, Lasao Altzariak ISB, Gipuzkoako txapelduna izan da. Juniorretako nesken taldeak, Izarraitz Inmobiliaria ISBk, larunbatean jokatuko du finala Bera Bera Grosen kontra, baina "zaila izango dugu irabaztea, Bera Bera Gros Espainiako Txapelketan hirugarren egin duen taldea delako".

Infantiletan, mutilen taldea finalerdietara heldu da. Alebinetan, berriz, Iraurgiko mutilak Federazioaren ligaxkako txapeldunak izan dira, eta nesken taldea, eskolartekoan onena izan da.

Mutiletan bigarren taldea Autonomikan izatea lortu du Iraurgik, eta nesketan seniorretan taldea osatzea dute erronka. "Senior mailan jokatzeko adinik duen jokalaririk ez dugu oraindik. Izan ere, seniorretantaldea osatzeko, gutxienik maila horretako adina duten zortzi jokalari behar dira. Gaur egun juniorretan dabilen taldeak bi denboraldi barru seniorretako adina izango du", azaldu dute.

.150 haur teknifikazio eskolan

Datorren asteburuan, Iraurgi Saskibaloi Elkarteak antolatzen duen teknifikazio eskolaren azken eguna da. 150 lagun dabiltza bertan.

Aitor Uriondo: "Lan Mobel Iraurgi taldea entrenatzeari uzteko erabakia pertsonala izan da"

Aitor Uriondo (Donostia, 1972) bukatu berri den 2007-2008 denboraldian EBA Ligako Lan Mobel Iraurgiko entrenatzailea izan da. Orain, taldea entrenatzeari utzi dio; berak hartutako erabakia izan da. Dena den, Iraurgin "oso gustura" egon dela dio.

Denboraldiaren zer-nolako balantzea egiten duzu?

Helburua aurreko denboraldian egindakoa hobetzea zen eta sailkapenari begiratuta hori lortu dugu. Baina denboraldi gogorra izan dugu, batik bat lesioengatik. Bestalde, denboraldiko une batzuetan irregularrak izan gara. Lortu dugun 6. postua ondo dago, postu on bat delako eta igoerako fasetik bi garaipenetara bakarrik gelditu garelako. Baina denok pena pixka batekin gelditu gara, gorago egoteko aukerak bagenituelako.

Taldeari pixka bat gorago egoteko zer falta izan zaio?

Alde batetik, nahiko jokalari berriak genituen aurten, eta hori guztia kohesionatzeko eta lantzeko bere denbora behar da. Bestetik, lesioak eta jende falta izan dugu, eta guk ere akats batzuk egin ditugu. Sailkapenean aurrean zeuden taldeen kontra oso-oso ondo ibili gara eta ia denei irabazi diegu, baina atzetik zebiltzan taldeen kontra gure arazotxoak eduki ditugu.

Esaterako, Oviedok mailaz igotzea lortu du, eta haren kontrako bi partidak irabazi egin zenituzten...

Bai, gure aurretik eta igoera fasean sailkatu diren hiru taldeen kontra, sei partidetatik bost irabazi genituen: Oviedoren kontra biak, Pielagosen kontra ere biak irabazi eta Santurtziren kontra etxekoa irabazi eta kanpoan galdu; azken minutuetan galdu genuen, gainera. Argi dago taldea prestatuta zegoela aurretik zebiltzan taldeen kontra lehiatzeko. Egia da ere, elkarte horiek lehendik zekarten taldearekin ari zirela eta, gure kasuan, jokalari asko berriak genituen; batez ere hasierako bostekoan jokalari berri asko genituen. Horrek, bere denbora behar du egitura on bat lortzeko. Datorren denboraldirako egitura hori mantenduz gero, talde polita geldituko da.

Talde ona geldituko dela diozu, baina zuk taldea entrenatzeari utzi diozu.

Nik bere mementoan elkartearekin hitz egin nuen. Oso gustura egon naiz elkartean eta, batez ere, oso identifikatuta sentitzen naiz jendearekin. Benetan oso ondo tratatu nautela. Baino datorren denboraldiari begira uztea erabaki dut: batez ere, egoera pertsonalengatik ezin izango dudalako nik nahi dudan moduan lan egin. Erabaki pertsonala izan da. Klubari eskerreak eman behar dizkiot gauza guztiengatik eta, batik bat, erakutsi didaten konfiantzagatik. Egia esanda, gozamena izan da denboraldi batean Iraurgi entrenatzea eta espero dut noizbait bueltatzeko aukera izatea; beraiek nahi badute behintzat...

Etorri zinenean espero zenuena aurkitu al duzu Lan Mobel Iraurgin?

EBA ligako beste talde batzuetan egonda nengoen eta Azkoiti-Azpeitira etorri nintzenean elkartea handitzen eta hobetzen laguntzea espero nuen. Egia esanda, klub horren atzean dagoen jendetza, harmailetan-eta ikusitakoa... Horrek asko motibatzen du bai entrenatzailea bai kirolaria. Alde horretatik, espero nuena aurkitu dut. Bestetik, kirol aldetik ahalik eta helburu handienak markatzen ditut beti, eta igoerako fasean sartu ez izanaren pena gelditzen zait .

Zerbait txarra ere aurkituko zenuen hemen, ezta?

Zerbait txarra? Batez ere lesioak. Ez da normala denboraldi batean hainbeste lesio larri gertatzea talde batean. Niretzako entrenatzaile bezala pena da, baina batez ere kirolariarentzako da tristura arrazoi. Aranbarrik, Urbietak, Varak izandako lesioak larriak izan dira, eta kirofanotik pasatu beharrekoak. Denboraldi honetan bizitakotik txarrena hori izan da.

Denboraldi bukaeran taldea osatzeko ere jokalariekin kontuak izan dituzue, ezta?

Bai, denboraldi bukaera oso gogorra izan da, baina hala ere taldeak oso ondo erantzun du. Nik uste dut azkenengo partidetan egindakoarekin harro egon behar dugula. Egia esanda, eskertzekoa izan da jokalari gazteek eman duten erantzuna; guk laguntza behar genuen eta eman egin dute.