Ostiralean bukatuko da antzerki topaketetarako kartelak aurkezteko epea

Uztarria.eus 2008ko mai. 27a, 14:05

Lanak udaletxeko Kultur Sailera bidali beharko dira

Irabazten duen kartelaren egileak 900 euroko saria jasoko du

Ostiralean, hilak 30, bukatuko da Euskal Antzerki Topaketetarako kartel lehiaketara proposamenak aurkezteko epea. Udal Kultura Sailak, urtero bezala, aurten ere lehiaketara atera du aurtengo topaketen ikur izango den kartelaren aukeraketa.

Edozeinek parte hartu dezake lehiaketan eta parte-hartzaile bakoitzak gehienez hiru lan aurkeztu ditzake. Edozein teknika eta materialekin egindakoa izan daiteke, baina 450 milimetro zabal eta 680 milimetro altu izan beharko ditu. Kartelak, "Azpeitia XXVI. Euskal Antzerki Topaketak 2008 udazkena" esaldia eraman beharko du.

Lanak helbide honetara bidali behar dira: Azpeitiko Udala – kultura Saila. Enparantza Nagusia, 5. 20730 Azpeitia.

Irabazten duen kartelaren egileak 900 euroko saria jasoko du.