Mendi Astean eta Xoxoten "jendearen erantzuna paregabea" izan da

Urola Kostako Hitza 2008ko mai. 27a, 11:05
Goikoa argazkian, Xoxoten aterpearen inguruan bildutakoak. Bigarrenean, Jose Inazio Elias txistularia (ezkerrean) Mendi Bazkuneko lehendakari Odriozolak emandako euskal makilarekin. Hirugarrenean, Lagun Onak-ekoak eta laugarrenean

Xoxoteko Egunean, Jose Inazio Elias txistularia omendu dute Lagun Onak Mendi Bazkunekoek

Mendizaleekin ibilaldiak egin dituzte haurren artean ere dominak banatu zituzten

Ikusi Xoxoteko argazkien bilduma

Igandean, Xoxoteko Egunarekin, Mendi Asteari bukaera eman zioten Lagun Onak Mendi Bazkunekoek. "Jendearen erantzuna paregabea" izan dela azaldu du Lagun Onak Mendi Bazkuneko lehendakari Aritz Odriozolak. Mendi Asteko ikus-entzunezkoetan, jende gehiena Alberto IƱurrategiren saiora hurbildu da; "Enparan Dorretxea dena bete zen".

Xoxoteko Egunean ere mendizale ugari bildu zen: "Arratsalderako ekaitza iragarrita zegoen, baina hala ere jende asko bildu ginen Xoxoten". Aurten, gainera, Aittolaraino autobusa antolatu zuten: "Batik bat, haur txikientzako jarri genuen, eta 30en bat lagun joan ziren autobusez". Ohi bezala, Xoxoteko Egunean, mendizaleekin ibilaldiak egin dituzten haurren artean dominak banatu zituzten, eta "dominarekin batera, datozen mendi ibilaldietarako txartel berriak ere eman genizkien".

Jose Inazio Elias omendua

Urteetan Xoxotera txistua jotzera joan den Jose Inazio Elias txistulari azpeitiarrari omenaldia egin diote mendizaleek. Aurten "urtez urte egindako doako lanagatik eskerrak eman nahi izan dizkiogu".

Eliasek "ezustean" hartu zuen mendizaleek Xoxoten egindako omenaldia, "sustoa-eta dena" hartu zuen. "Detaile polita izan dute mendizaleek eta bihotz-bihotzez eskertu nahi diet", dio Eliasek. Urte piloan joan izan da Xoxotera txistua jotzera: "15 urterekin hasi nintzen eta urte pilo batean joan izan naiz beste lagun batzuekin batera". Gaur egun bakar-bakarrik joan ohi da; "lehen Tomas Gereta ere joaten zen, baita Belaetxe zena ere...".

Txistua jotzen Andoni Albizurik Katxo-k erakutsi zion eta gaur egun Zarauzko Arrano Taldean jotzen du: "13-14 lagun gaude taldean eta presoen aldeko ekimenetan-eta jotzen dugu txistua. Baina auzoetako jaietan ere eskatzen digutenean beti joan ohi gara".