Lan Mobel taldeko txirrindulariak podiumetik podiumera

Urola Kostako Hitza 2008ko mai. 27a, 11:05

Lagun Onak Txirrindulari Elkartekoek lan ona egin dute Zarauzko XX. Udaberri Saria lasterketan

Taldeka aurrenak izateaz gain, bakarka ere postu onak lortu dituzte

Lagun Onak Txirrindulari Elkarteko jubenil mailako Lan Mobel taldeko txirrindulariak emaitza ezin hobeak lortzen ari dira azkenaldian. Podiumetik jaitsi ere egin gabe dabiltza, aurreko asteburuan Mutrikun taldeka onenak izan ziren, eta pasa den asteburuan Zarauzko XX. Udaberri Sarian taldeka irabazleak izan dira.

Zarautzeko Udaberri Sarian, gainera, taldeka aurrenak izateaz gain, bakarka ere postu onak lortu dituzte: Markos Zaldibiak bigarren egin zuen, Mikel Elorzak laugarren eta Mikel Madinabeitiak bosgarren. Lasterketako irabazlea Andoaingo taldeko Aritz Mujika izan da.

Goenaga min hartuta

Zarauzko lasterketan 111 txirrindularik parte hartu zuten eta batez beste orduko 37,82 kilometroko abiaduran egin zuten proba. Ihes egiteko ahaleginak egin zituen batek baino gehiagok, baina inork ez zuen halakorik lortu. Zumaia inguruan talde bat erori egin zen, tartean Lan Mobeleko Goenaga. Horren ondorioz bizikleta apurtu egin zitzaion eta kolpe ugari izan zuen.