Amuarrain Arrantza Txapelketa izango da ekainaren 1ean

Urola Kostako Hitza 2008ko mai. 23a, 11:05
Urolan egingo dute arrantzan.

Alebin eta Infantil mailakoentzako antolatu du Txalintxok

Izena Larrañaga Kirolak-en eman behar dute

Azpeitiko Txalintxo Elkarteak, Zumaiako Anade Elkartearen laguntzarekin, XVII. Herri Mailako Arrantza Txapelketa antolatu du ekainaren 1erako. Arrantza lehiaketa Alebin (1997 eta 2001 urte artean jaiotakoak) eta Infantil (1994 eta 1996 urte artean jaiotakoak) mailakoentzako da.

Arrantza lehiaketan parte hartzeko Larrañaga Kirolak-en izena eman behar da. Horretarako, Nortasun Agiria eta Arrantzarako Baimena aurkeztu beharko dituzte.

Ekainaren 1eko saioan Urola ibaian egingo dute arrantza txapelketako parte-hartzaileek, 09:00-etatik 12:00etara bitartean. Dena dela, lehiaketa egunean, 08:30erako Enparan Dorretxearen aurrera azaldu beharko dute arrantzale gazteek.

Hainbat opari parte-hartzaileen artean

Lehiakide guztien artean hainbat opari banatuko dute antolatzaileek, eta arrantzale onenei ere sari ugari emango diete: txapeldun orokorrak eta amuarrain handiena harrapatzen duenak garaikurra jasoko dute, eta maila bakoitzeko bost lehenengoei garaikurra, domina eta oparia emango diete.