Enparan kalean festa eguna antolatu dute iganderako

Urola Kostako Hitza 2008ko mai. 22a, 11:05
Enaparan kaleko festak igandean ospatuko dituzte.

Bazkaldu ondoren, 80 urte eginda dituzten Enparan kaletarren artean opariak banatuko dituzte jaien antolatzaileek

Enparan kaleko festak ospatuko dituzte igandean. 10:00etan hasiko dute jaia suziriekin eta Izarraitz Txistulari Taldearen kalejirarekin. Eguerdian, 12:00etan, herri meza antolatu dute Frantziskanetako elizan eta 14:00etan, lagunarteko bazkaria Bagera jatetxean (lehen Aitonena I). Bazkarira joan nahi dutenek aurrez izena eman beharko dute jatetxean bertan. Omenduak

Bazkaldu ondoren jaiarekin jarraitu egingo dute Enparan kalekoek eta 80 urte bete dituzten kaletarren artean opariak banatuko dituzte jaien antolatzaileek. Kaletarren omenaldia jasoko dutenak lau izango dira aurten: Pepita Zubiaurre, Isabel Zubiaurre, Ramon Amenabar eta Maria Arzuaga. Antolatzaileek azaldu dutenez, "beste kaletar batzuk ere badira 80 urte beteta, baina ez dute omenaldian parte hartzerik nahi izan. Guk, aurretik proposatu egiten diegu, eta batzuk onartzen dute eta beste batzuk ez".

Kaleko jaiari bertsolarien saioarekin eta trikitilariekin emango diete bukaera.

Eliz kaleko jaietako erratz txapelketa larunbatean da

Eliz kaleko Korputz jaietako ekitaldi nagusienak hurrengo astebururako antolatu dituzte Eliz kaleko Festa Batzordekoek. Baina jaietako egitarauaren baitan, larunbat honetan, XXI. Erratz Txapelketa antolatu dute, Mendizaleen tabernan, 16:00etan hasita. Jaieri hasiera gaur zortzi emango diote, 18:00etan, musikarekin.