Gazte Astean etxebizitza eskubidea aldarri atzera berriz

Urola Kostako Hitza 2008ko mai. 21a, 11:05
Gazte Problematika lan taldeko kideak.

Gaztetxeko Gazte Problematika taldekoek alderdiekin mahai-ingurua antolatu nahi dute gaia jorratzeko

Aurreko urteetan bezala, Futbito Txapelketako finalerdiak eta finala ere jokatuko dituzte Gazte Astean

Ekainaren 2tik 7ra antolatu dute aurten Gazte Astea, eta atzera berriz etxebizitza eskubidea aldarrikatuko dute Gazte Asanbladakoek, "arazoak hortxe jarraitzen duelako". Batik bat, etxebizitza gai hartuta antolatuko dituzte Gazte Asteko ekitaldiak, "eta gustatuko litzaiguke alderdi politikoekin etxebizitzaren arazoaz hitz egiteko mahai-inguru bat antolatzea", diote. Hori da gazteen nahia, alderdiekin etxebizitzaz solasaldia egitea; "gainera, prest gaude Gaztetxetik kanpo egiteko ere".

Aurtengoa etxebizitza eskubidearen inguruan oinarritutako hirugarren Gazte Astea izango da. Izan ere, etxebizitza politika "aldatu beharra" dagoela diote: "Babes Ofizialeko Etxebizitzak zozkatzea partxeo bat da, eta horri irtenbidea eman beharra dago". Konponbide hori nondik abiatu daitekeen ere aipatzen dute: "Etxebizitza hutsak berriro erabiliz, alokairu publikoa bultzatuz, jabego pribatuak sortzen dituen arazoak kenduz (espekulatzea, dirua irabaztea...). Etxe asko dago, baina horiei erabilera egokia ematea da eskatzen duguna".

Gazte Manifestua oinarrian

Gaztetxeko Batzar Orokorrean erabaki zuten gazteek etxebizitzaren arazoaren gaia jorratzea. "Orduan, gai hori landuko duen talde bat sortu genuen, Gazte Problematika deitzen dena". Aurren-aurrena Gazte Manifestua idatzi zuten, eta hor oinarrituta hainbat ekimen egin dituzte orduz gero.

Bestalde, aurreko urteetan bezalaxe, Futbito Txapelketako finalerdiak eta finala jokatuko dituzte Gazte Astean: "Asteartean Kopako finalerdiak eta ostegunean Ligakoak jokatuko ditugu. Gero, larunbatean finala izango da".

Hamaika ekimen

Gaztetxetik hainbat ekimen egin dute etxebizitza eskubidea aldarrikatzeko. Honakoak dira batzuk:

Gaztetxearen urteurreneko aldarria. 2006ko uztailean, Gaztetxearen urteurreneko ospakizunean etxebizitza eskubidea aldarrikatu zuten. Gainera, Etxebizitza eskubidea lelopean manifestazioa egin zuten.

Kalejiran. 2006ko uztailean, etxebizitza eskubidea aldarrikatzeko kalejira egin zuten.

Antzezpenak. 2006ko abenduan gazte talde batek banketxe batekin ezkontza antzeztu zuen.

Karasusanekoa adibide. 2007ko uztailean, Karasusaneko etxea hustu zutenetik urtebetera, pankarta bat zintzilikatu zuten bertan, Urtebete ondoren kale gorrian, etxebizitzak gazteentzat leloarekin.

Kartoizko etxeak. Urtarrilean, herriko hainbat txokotan kartoizko etxeak jarri zituzten eta "etxebizitzen %19 hutsik" daudela salatu zuten.

Bertso saioa. Urtarrilean, etxebizitzaren aldeko bertso saioa egin zuten Gaztetxean.

Zozketa egunean. Etxebeltz-Izarrako Babes Ofizialeko Etxebizitzen zozketa egunean, apirilaren 4an, "eskubideak zozketan" jartzearen kontra azaldu ziren.