Ezagutza Guneak 2007ko memoria aurkeztu du

Urola Kostako Hitza 2008ko mai. 16a, 10:05
Azkoitiko Udaleko ordezkari Josu Bastida, Azpeitiko Udaleko ordezkari Iñaki Errazkin, Ezagutza Gunearen lehendakari Kontxi Azpiazu eta ordezkari Maria Dominguez, eta Iraurgi Lantzeneko zuzendari Jesus Agirre, aurkezpenean.

Enpresa txikiak eta ertainak barneratu dituzte proiektuan eta berrikuntza izango da ardatz nagusia

Horretarako Eskualdeko Berrikuntza Mapa osatuko dute eta eskualdeko "argazkia" izango da hori

Ezagutza Gunearen Kudeaketa Kontseiluak 2007ko memoria aurkeztu zuen, asteazkenean, Azkoitiko Inasusti Jauregian. Azpeitiko alkate Iñaki Errazkinek, Azkoitiko alkateorde Iosu Bastidak, Ezagutza Guneako lehendakari Kontxi Azpiazuk eta ordezkari Maria Dominguezek eta Iraurgi Lantzeneko zuzendari Jesus Agirrek azaldu zieten txostena eskualdeko hainbat enpresetako ordezkariei.

Ezagutza Guneak 2007rako jarri zituen helburu nagusiak bete direla adierazi zuten aurkezpen ekitaldian. "Proiektuaren barnean lan-taldeen topaketak sendotu dira, enpresa kudeaketari buruzko hausnarketekin eta prestakuntza jardunaldiekin", azaldu zuten. Horretarako, urtean bizpahirutan bildu dira enpresetako gerenteak eta pertsonal nahiz produkzio arduradunak.

Bestalde, Enpresa Txikien Lan-taldea osatu zuten iaz, "errealitatea baten baieztapen" gisa. "2007an, elkarlanerako lan arloen aukerak ireki dira, eta taldearen hurrengo topaketen oinarriak finkatu", jakinarazi dute.

.2008ran berrikuntza ardatz

.2008 urterako finkatu duten Kudeaketa Plangintzaren asmoa, gaur egun foroak eskualde mailan dituen lan lerroak sendotzen jarraitzea eta proiektuan agente berriak sartzea da. Ezagutza Gunearen barne berrikuntzarekin lotuta, etorkizuneko erronka berriei erantzungo dieten lan lerro berriak bultzatuko dituzte.

Aurtengo ardatz nagusia berrikuntza izango dela aurreratu dute jada. "Etorkizunerako lana dugu berrikuntza", esan zuen Iosu Bastidak. "Bigarren eraldaketa hasi behar dugu, merkatu eta produktu berriak bilatuz", gaineratu zuen.

Orkestra Lehiakortasunaren Euskal Institutuarekin elkarlanean egindako Eskualdeko Lehiakortasun Diagnostikoaz baliatuko dira erronka berriei erantzuteko. Horretarako, Eskualdeko Berrikuntza Mapa osatuko dute.

Lehiakortasuna indartu

Eskualdeko "argazkia" izango da Berrikuntza Mapa. Iosu Bastidak adierazi zuenez, "berrikuntza tokiko mailara erakartzeko, lankidetza proiektuak abiatu eta sare egitura indartu beharra dago".

Berrikuntza Maparen helburu orokorra enpresen lehiakortasuna bultzatzea da, berrikuntza prozesuak sustatuz. Alde batetik, eskualdeko enpresen artean hornitzaile-bezero harremanak aztertuko dituzte, baita bertan hobekuntza eta berrikuntza sustatzeko egon daitezkeen lankidetzarako arloak identifikatu ere. Bestalde, haien artean zubilana egitea du helburu proiektuak. Identifikatutako arloen arabera, espezializatutako eragileekin harremanak, ikasketa prozesuak eta elkarlana bultzatuko dituzte.

Partaidetza eta konpromisoa

Ezagutza Gunea proiektua orain sei urte abiatu zen. Eskualdeko zazpi enpresarik handienekin eta ikastetxeekin egin zituen lehen urratsak. Gaur egun 14 enpresek parte hartzen dute egitasmoan.

"Pertsonak ardatz hartuta, lehiakortasuna hobetzea da helburu nagusia", adierazi zuen Iraurgi Lantzeneko zuzendariak. "Partaide guztientzat ekimen estrategikoa da Ezagutza Gunea", erantsi zuen, "antolakuntzan, elkarlanean eta ezagutzan oinarrituta, eskualdearekin konprometitutako enpresak biltzen baititu".

Egitura

Lan-taldeak

  • Enpresa Gunea. Enpresa txikien lan taldea; produkzio arduradunen lan taldea; kudeatzaileen lan taldea; pertsonal arduradunen Plataforma.
  • Garapen Gunea. Euskal Herriko Tokiko Lehiakortasunerako adierazleak eta analisia liburua argitaratu dute, Ezagutza Gunea Iraurgi Hirian prozesua barne dela.
  • Prestakuntza Gunea. Elkarlan Programa: Urola Lanbide Heziketako irakasle, ikasle eta eskualdeko enpresen arteko lotura, ezagutza eta prestakuntza eguneratzeko eta elkarbanatzeko helburuarekin. Gerolan Programa: Eskualdeko ikastetxe guztietan aurkezpenak egin eta hainbat enpresetara bisitaldiak egin dituzte.