Eskola Agenda 21ek uraz eta hondakinez hausnartuko du

Urola Kostako Hitza 2008ko mai. 12a, 11:05
Iaz, ekainean egin zuten bigarren eskuko eta bidezko merkataritza azoka arrakastatsua, herriko enparantzan.

Herriko ikastetxeetako ikasleei zuzendutako ekimenez gain, bigarren eskuko azoka izango da ostiralean

Eskola Agenda 21 egitasmoaren baitan, ingurumenarekin lotutako astea antolatu du Azpeitiko Udalak herriko ikastetxeekin elkarlanean. Gaur, astelehena, hasi eta ostirala bitartean, uraren kontsumoaren eta hondakinen kudeaketaren gaineko hausnarketa egingo dute Lehen Hezkuntzako ikasleek.

Jolasen eta lan saioen bitartez landuko dituzte gaiak LHko ikasleek. Bakoitzak bere ikastetxean eta gelaka banatuta egingo dituzte heziketarako jokoak.

Ostiral arratsaldean, berriz, kalera ateratzeko garaia izango da. Izan ere, bigarren eskuko gauzekin eta bidezko merkataritzako produktuekin azoka egingo dute. Herriko enparantzan jarriko dute azoka, 17:00etatik 20:00etara. Dagoeneko 18 salmenta gunek eman dute izena azokan parte hartzeko. Lau ikastetxe, Misio Taldea eta saltoki pribatuez gain, Oldberri eta Emaus erakundeen bigarren eskuko arropen saltokia ere izango dira bertan. Bestalde, informazio gunea ere jarriko dute plazan.

Saltokia eskatzeko aukera zabalik dago, datorren asteazkena bitartean, 943 670249 telefonoan.

DBHkoak, irailean

Aurrera begira, DBHko ikasleei zuzendutako ekimena antolatuko du Eskola Agenda 21ek, irailean. Urola ibaiaren zati bat garbituko dute orduan gazteek.