Telefonicako eraikinean hainbat talderentzako lokalak jarriko ditu Udalak

Urola Kostako Hitza 2008ko mai. 5a, 11:05
Telefonicako eraikin zaharra aurrealdetik ikusita.

Lokal txikiak eta taldeek partekatuko duten bilkura gela bat jarri ditu Udalak eraikinaren goiko solairuetan

Lan horrek 10.400 euroko aurrekontua izan duela azaldu dute

Telefonicako eraikin zaharreko bigarren eta azken solairuetan herriko hainbat talderentzako lokalak egokituko ditu Udalak. "Soreasu egiten ari diren bitartean eta herriko hainbat taldek duen lokal gabeziari erantzuna emateko, gela txikiak eta bilkurak egiteko handiago bat egokituko ditu Udalak", azaldu du Xanet Esnaola alkateordeak. Izan ere, Udalaren ustez "libre dagoen toki horri erabilera bat eman behar zaio".

Gaur egun, beheko solairuan Uztarriak eta 'Urola Kostako Hitza'-k lokal bat partekatzen dute eta beste batean, berriz, Antxieta Arkeologi Taldea dago. Lehen solairuan, berriz, Erniarraitz Bertsozale Elkartea, Azpeitiko Euskal Herrian Euskaraz eta Azpeitiko Argazki Elkartea daude; Azpeitiko Zine Klub Taldeak biltokia ere badu han. Orain, lokal txiki batzuk egokitu ditu Erlo Telebista, Zezen Beltz, Kultur Mahaiko Talde Eragilea eta Etxerat-entzako. "Gela txikiak izango dira, baina dorrea dagoen tokian gela handiago bat egokitu dugu, talde horiek bilkurak-eta egiteko tokia izan dezaten. Beraz, gela handi hori hainbat taldek partekatuko dute", dio.

Telefonicako eraikin zaharra hainbat taldentzako egokitzeko lan horrek 10.400 euroko aurrekontua izan duela ere azaldu du Udalak.

Interneterako konexioa

Taldeentzako lokalak egokitzeaz gainera, Telefonicako eraikin zaharrean lekua duten guztientzako interneterako konexioa izateko instalazioa egin du Udalak.