Ura gai hartuta 'udalbatzarra'

Urola Kostako Hitza 2008ko mai. 5a, 11:05
Ekimenean parte hartu zutenetako batzuk Iñaki Errazkin alkatearekin.

Ikasturte honetan, Azpeitiko 1.446 ikaslek hartu dute parte Eskola Agenda 21 egitasmoan

Urarekin lotuta, herrian ikusten dituzten gabezien berri eman zuten ikasleek udalbatzarrean

Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegaraiko, Ikasberri Azpeitiko Ikastolako eta Iraurgi Ikastetxeko ikasleek "udalbatzar berezia" egin zuten asteartea, udaletxean. Ohiko udalbatzarretan ez bezala, batzar aretoa jendez gainezka egon zen: ikaskideak, gurasoak eta irakasleak bildu ziren bertan.

Aurren-aurrena, ikastetxeetan egin dituzten lanen nondik norakoaz eta izandako parte-hartzeaz jardun zuten: "2003-2004 ikasturtetik, Azpeitian Eskolako Agenda 21 egitasmoa lantzen ari gara. Orain, bide horri jarraituz, 1.446 ikaslek parte hartu dugu bertan".

Urarekin lotuta herrian ikusten dituzten gabezien berri eman zuten ikasleek, eta proposamenak egitera ere ausartu ziren; besteak beste, honako gomendioak egin zizkioten Udalari: "Azpeitiko baliabideetan uraren indarra ahal den neurrian erabiltzea; herritarrak erabiltzen dugun tokietan ura aurrezteko sistema egokia jartzea; herrian iturri gehiago jarri eta haurrentzako altura egokian; uraren erabilera egokia kartel eta ohar bidez azaltzea eta herriko uraren instalazio guztietan mantenu egokia izatea".

Iñaki Errazkin alkateak ere udalbatzar berezian parte hartu zuen, eta ikasleek egindako proposamenak "ahal den neurrian" kontuan hartuko dituztela esan zien.