Udalak eta herri osoko merkatariek elkarlanerako batzordea osatuko dute

Urola Kostako Hitza 2008ko mai. 2a, 12:05

Apirilaren 24an Udalak herriko merkatari txikiak batzarrera deitu zituen eta herri osoko 65 merkatari bildu ziren

Alde Zaharreko Merkatarien Elkarteak uste du "beste jauzi bat" emateko garaia dela

Apirilaren 24an Udalak herriko merkatariak bilerara deitu zituen, hizketarako gaitzat Komertzio txikia indarberritzeko zer egin? esaldia hartuta. Herri osoko 65 merkatari agertu ziren batzarrera, eta Udalaren eta merkatarien artean Merkatarien Batzordea osatzea erabaki zuten. Herriko merkatariek 12 ordezkari izango dituzte batzordean.

Joan den astean herriko merkatariekin egindako bileran, aurren-aurrena Udalak errealitatearen azterketa bat egin zuen, merkatari txikien egoeraren gainbehera ulertzeko. Arrazoiak zein izan daitezkeen ere azaldu zuten: "Merkatalgune handiak; kontsumo ohituretan aldaketa; kaleko biziaren galera...". Gero, gainbehera horri nola aurre egin edo antolatu izan zuten mintzagai.

Ildo horretatik, Udaleko arduradunen esanetan aurrera egiteko baldintzak badaude: "Azpeitian merkatari txikien antolaketa mailan jauzi berria emateko aukera dago, baita baldintzak ere". Hori dela eta, "indarrak batu beharra" dagoela ikusi dute, "beti arrain handiak txikiak jaten dituelako".

Herriko merkatarien elkarteen gaur egungo egoera aztertu zuten ondoren. UEMEk (Urola Erdiko Merkatarien Elkartea) bere ibilbidea egin duela uste dute eta gaur egun "zentzua galduta" duela, "Azkoitiko merkatariak beren kabuz biltzen hasi direlako, baita Zestoakoak ere". Bestetik, Alde Zaharreko Merkatarien Elkartea sortu zeneko egoera aldatu dela uste dute: "Elkartea sortu zenean Alde Zaharra erabat utzita zegoelako izan zen, eta gaur egun eraberritzeko urratsak ematen ari dira". Beraz, zenbait helburu beteta daudela uste dute Alde Zaharrekoek eta "beste jauzi bat" emateko garaia dela.

Bi elkarteen egoeraz hitz egin eta bileran ateratako ondorioa honakoa izan zen: herriko merkatariak batu eta antolatu beharra daukatela. Gauzak horrela, merkatarien elkarte berri bat sortzeko hainbat arrazoi ikusten dituzte: "Behar komunak zehazteko; Udalari proposamenak egiteko; ekimenak antolatzeko, edota diru laguntzak jasotzeko".

Merkatariak antolatu beharra

Merkatariek bi zentzutan dute antolatu beharra, Udalaren iritziz. Batetik, merkatariak bildu eta erakundeetatik independentea izango den elkarte bat sortu behar lukete, "autonomoa, bere jardun propioarekin eta merkatariek soilik osatutakoa". Bestetik, berriz, merkatariek Udalarekin lotura izateko elkargune edota batzorde bat osatu beharko litzateke, "Udalari proposamenak egiteko; Udalak bere baliabide ekonomikoak bideratzeko; elkartea suspertzen laguntzeko eta erantzuteko konpromisoa hartuz". Aurrera begirako urratsak bi ildo horietan eman behar direla uste dute Udalekoek.

Herria hiru gunetan bereizita

Udalak eta merkatariek egindako bileran, lanean nondik hasi ere zehaztu zuten, eta Udalak bere konpromisoak hartu zituen; besteak beste, Merkatarien Batzordearen bilerak deituko ditu. Herriko merkatariak hiru gunetan bereiziko dituzte eta hiru batzar deituko: gune bat alde zaharra izango da, Damaso Azkuetik hasi eta Bustinzuriko Errebala artekoa; bigarrena, herrigunea da, Hartzubia, Pablo VI.a, Jose Artetxe, Arana...; hirugarrena, berriz, Sanjuandegi.

Datozen asteetan, Udalak gune bakoitzekoei zuzendutako bilerak deituko ditu. Baina dagoeneko Udalekoek bileretan egin beharrekoa zein den ere badakite. "Herriko erradiografia bat egin beharko da bileretan, eta gero eremu propio bakoitzeko errealitatea eta beharrak zeintzuk diren ere aztertu beharko da". Gainera, gune bakoitzetik merkatarien lau ordezkari aukeratuko dituzte, gero herriko Merkatarien Batzorde bat osatzeko. Udalak garbi du herrian merkatari txikiek garrantzia dutela, eta elkarlanean "indarrak batu eta lan egin" beharra dagoela.