Dagoeneko 250 lagun inguruk eman dute izena Izarraizko I. Mendi Lasterketarako

Uztarria.eus 2008ko api. 30a, 16:04

Maiatzaren 11n izango da proba eta 10:00etan aterako dira korrikalariak Azpeitiko plazatik

"Guretzat oso garrantzitsua da jendea gustura gelditzea, sentsazio onarekin", diote antolatzaileek

Gaur (apirilak 30, asteazkena) bukatuko da Izarraizko I. Mendi Laskerketarako izen-emate epea eta dagoeneko 250 lagun inguru apuntatu dira antolatzaileen arabera. Maiatzaren 11n izango da proba eta antolatzaileak "buru belarri" dabiltza azken zehaztapenekin.

Azaldu dutenez, "250 lagun horietatik ia denek eman dute izena internet bidez. Gutxi batzuk izan dira telefonoz apuntatu direnak". Hori, "erosoa" egin zaiela aitortu du IƱigo Orbegozo lasterketako antolatzailetakoak. Lagun Onak Mendi Bazkunaren web orrian jarri dute ikusgai onartutakoen zerrenda baina oraindik zerrenda osoa ez dagoela jakinarazi dute. Arazo tekniko batzuk tarteko, orain ari dira zerrenda osoa eguneratzen.

Hainbat azpeitiarrek ere hartuko dute parte txapelketan eta horiekin batera, baita goi mailako lasterkariek ere. "Iaz hainbat lasterketetan txapeldun izandakoak etorriko dira lehiatzera: Etxegarai, esaterako, gizonezkoetan, edota Nerea Amilibia emakumezkoetan. Frantziatik ere etorriko da lasterkari bat, iazko Azkoitiko probako txapelduna", dio Orbegozok.

Orain, egunera begirako zehaztapenak lotzen dabiltzala azaldu du. "Hala ere, Azpeitiko koadrila ezberdinetako jendea laguntzeko prest azaldu zaigu eta egunean bertan ere hor egongo dira zirkuitua seinalatzen edota beste arduraren batekin", dio. "Guretzat oso garrantzitsua da jendea gustura gelditzea, sentsazio onarekin eta "gogorra zen baina ondo antolatuta zegoela" esanez hurrengo urterako gogoarekin gelditzea".

Ikusteko, Erlo aldea

Jendea animatu dute lasterketa ikustera joateko. Orbegozoren esanetan, "Erlo aldea oso leku polita da proba ikusteko. Gainera, korrikalariak bi aldiz ikusteko aukera dago leku berdinetik". Bestetik, Urreta gainean metabolantea edo tarteko helmuga jarri dute eta hori ere "ikusteko polita" izango dela esan du.

Izarraitzen dutxak eta masajeak

Izarraitz pilotalekuan jarriko dituzte dutxak. "Lasterketa aurretik, norbere poltsa pilotalekuko aldageletan gordetzeko aukera izango dute lasterkariek. Bakoitzak bere dortsalaren zenbakiarekin gordeko du poltsa, gero, jasotzea errazagoa izan dadin". Dutxez gain, masajea hartzeko aukera ere izango dute parte-hartzaile guztiek. "Sei masajista egongo dira pilotalekuan bertan", esan du.

Maiatzaren 11n izango da proba eta 10:00etan aterako dira korrikalariak Azpeitiko plazatik.