Jaurlaritzak Gazumen parke eolikoa jartzeko egitasmoa adjudikatu du

Uztarria.eus 2008ko api. 24a, 16:04

Orain, sei hilabete dituzte enpresek, proiektuak idatzi eta ingurumen eraginaren azterketak prestatzeko

Errezilgo mendian parke eolikoak jartzeko egitasmoa azaldu zutenetik, planak kritika ugari eragin ditu

Eusko Jaurlaritzako Industria Sailak Errezilgo Gazume mendian parke eolikoa jartzeko egitasmoa adjudikatu berri du. Gazumekoarekin batera, beste hamalau tokitan eolikoak jartzeko planen tramitazioa ere hasi du. Jaurlaritzak energia berriztagarrien erabilera bultzatu nahi du proiektuen bidez eta denak eginez gero, 600.000 biztanleren energia kontsumoa aseko litzatekeela azaldu du.

Enpresek sei hilabeteko epea dute orain instalazioaren oinarrizko proiektua idatzi eta ingurumen eraginaren azterketa prestatzeko. Gero, bi agiriak jendaurrean jarriko dituzte eta alegazioak egin ahal izango zaizkie. Agiri horiez gain, udalei, foru aldundiari eta beste erakunde batzuei txostenak eskatuko dizkiete.

Errezilgo Udalak aho batez ezezkoa eman zion Jaurlaritzaren egitasmoari, orain bost urte aurkeztu zutenean.

Azpeititik ere kritikak

Parke eolikoen planak Azpeititik ere kritika ugari eragin izan ditu. Azpeitiko Erkaxo, ingurugiro taldeak esaterako, plana bertan behera uzteko aldarria egina du, proiektuak mendietan izango duen eragina dela eta.

Informazio gehiago Berria egunkarian