Eguneko Zentroa Plaza Txikitik Damaso Azkue auzora aldatuko dute

Urola Kostako Hitza 2008ko api. 21a, 11:04
Damaso Azkue auzoan, eguneko zentroa jarriko duten tokia.

Leku berriarekin Bistaeder eguneko zentroari "irtenbide bat" eman nahi izan diote Udaleko arduradunek

Lokal berriak 430 metro koadro izango ditu

Bistaeder eguneko zentroa lekuz aldatuko du Udalak: Plaza Txikitik (Aitonenako eraikinetik) Damaso Azkue auzora eramango dute. Orain proiektua egiten ari dira, eta aste batzuk barru obrekin hasiko direla aurreikusten dute Udaleko arduradunek; "udazkenerako obrak bukatuta egotea espero dugu", diote.

Zentroa Damaso Azkue auzoko behe solairuko lokal batean jarriko dute, Azpeitia Lantzenen lokal bat eta alokairuan hartutako beste bat elkartuta; guztira 430 metro koadro izango ditu. "Gaur egun lehen solairu batetan dago kokatuta, eta horri irtenbide bat eman nahian, aspalditik gai hau lantzen jardun dugu. Leku berriak eguneko zentroari arnas pixka bat emango diola uste dugu: behe solairu bat da, aurrean parkearekin eta eguzkitsua; bertakoak ekartzea eta eramatea erraztuko du eta aurrean aterpe txiki bat ere badu", azaldu du IƱaki Errazkin (EAE-ANV) alkateak.

Damaso Azkueko lokalak 430 metro koadro izango ditu eta, beraz, gaur egunekoa baino handiagoa izango da. Orain eguneko zentroak berak 207 metro koadro ditu; "beheko taberna kontuan hartzen badugu, 400 metro koadro inguru dira guztira".

Aurrera begira, eguneko zentroak behin betiko non egon behar duen aztertu eta erabaki beharko dela uste dute Udalekoek, "eta bitartean, leku aldaketa honekin eguneko zentroari arnasa emango zaio urte batzuetarako".

Behin eguneko zentroa lekuz aldatuta, libre geldituko den Aitonenako lokalari zein erabilera emango zaion erabaki gabe du Udalak: "Zer erabilera eman erabakitzeko lanean ari gara Gipuzkoako Foru Aldundiarekin".

Datua

  • Bistaeder eguneko zentroan 30 lagunentzako tokia. Bistaeder eguneko zentroak 30 lagun hartzen ditu astegunetan eta 22 jaiegunetan.
  • Ordutegia. 09:30etik 17:30era egoten da zabalik.