Euskadiko Gazte Orkestran hartu dute Iraia Bereziartua

Urola Kostako Hitza 2008ko api. 16a, 11:04
Iraia Bereziartua Juan Antxieta Musika Eskolako perkusio gelan, biolinarekin.

Azpeitiar biolin-jotzaileak Aste Santuan egin zituen EGOn sartzeko hautaprobak Gasteizen

Bereziartua hiru urterekin hasi zen biolina jotzen ikasten Juan Antxieta Musika Eskolan

Iraia Bereziartua Euskadiko Gazte Orkestran (EGO) biolin-jotzaile bezala hartu dute. Aste Santuan egin zituen Gasteizen Gazte Orkestran sartzeko hautaprobak: "Hamar minutuan dakizun guztia erakutsi behar da; behintzat ondo jo nahi da. Urduri zaude, eta gertu, oso gertu bi pertsona adi daude, ea akatsik egiten al duzun". Gainera, nahiz eta aurretik asko ikasi eta ordu askoan ikasten jardun, "mementoan egindakoak" balio duela dio. Izan ere, Euskadiko Gazte Orkestran sartzeko probak urtean behin egiten dituzte.

EGOn sartzeko probetarako asko prestatu zela dio Bereziartuak: "Mozarten pieza bat eta beste pasarte batzuk jo behar ziren proban. Mozart prestatzen ekainean hasi nintzen eta kontserbatorioko orkestrarekin ere jo nuen aurretik; beraz, aurretik egindakoak denerako balio izan dit". Gasteizko proban egindakoarekin ez zen gustura gelditu, baina oskestran parte hartzeko aukeratu dute eta gustura dago orain.

Aukerak zabalik

Uztailean Euskadiko Gazte Orkestrako gainontzeko partaideekin Eibarko barnetegian izango da Bereziartua. "Gero, kontzertuak emango ditugu eta Gabonetan beste barnetegi bat izango dugu", dio. EGOko kide izateak currikulumerako balioko diola uste du Bereziartuak, eta beste proba batzuk egiteko aukera edukiko du gainera: "Euskadiko Orkestran laguntzaile bezala sartzeko probak egiteko aukera izango dut, baita beka batzuek jasotzeko ere; beraz, aukera hoiek guztiak ondo etorriko dira".

Hiru urterekin hasita

Bereziartua hiru urterekin hasi zen biolina jotzen ikasten Juan Antxieta Musika Eskolan; duela 17 urte, beraz. "Ahizpak jotzen zuen biolina, eta adin horrekin beste musika-tresnarik ezin nuen hasi ikasten. Gaur egun beste instrumentu batzuk ikasteko aukera badago, baina orduan ez"; Ikasten hasi orduko biolina gustuko zuela ohartu zen Bereziartua.

Biolinak "gauza eder asko" ditu, "musika-tresnarekin kontaktua duzu, eta instrumentua zeurea da. Pianoaren kasuan esaterako, beste toki batetara joan eta han dagoen pianoa jo behar da; zeurearekin entseatu arren, gero beste bat jo behar duzu. Biolinaren kasuan, ordea, zeure musika-tresna jotzen duzu. Gainera, biolinaren soinua asko gustatzen zait".

Gaur egun lehen baino ordu gehiago eskaintzen dizkio biolinari, egunean hiru-lau ordu. "Garai batean ez nuen biolina asko ikasten, baina gero musika ikasten jarraitu edo ez erabaki behar izan dut eta instrumentuari denbora gehiago eskaini diot", dio. Bereziartua irakasle izateko ikasketak egiten hasi zen unibertsitatean, baina orain utzi eta musika ikastea erabaki du: "Musikan jarraitzeko ordu asko eskaini behar zaizkio eta horretarako ahalegina egin behar da; bestela, unibertsitatera joan eta beste zerbait ikasten hasten zara, eta musika denbora librean egiteko zerbait bezala hartzen duzu".

Musika-tresnen tentazioa

Orain Donostiako musika kontserbatorioan musikako ikasketak egiten ari da. "Erdi mailako ikasketak egiten ari naiz, biolinarekin. Ikasgai teoriko batzuk ere ematen ditut, baita orkestra edo perkusioa ere, esaterako", dio.

Nahiz eta biolina gustuko instrumentua izan, beste musika-tresna batzurk ere tentatu dute Bereziartua: "Biolina, biolontxeloa, perkusioa... eta orain pianoa ikasten ari naiz; musikako ikasketetan pianoa jotzen ikastea derrigorrezkoa da".

Biolineko ikasketak egiten ari bada ere, hainbat musika taldetako kide eta proiektuko partaide da Iaraia Bereziartua; besteak beste, Eztake musika taldean bateria jotzen du. Ostiralean, Asteburu Musikalak programaren baitan, Azpeitian kontzertua eman zuten eta gustura gelditu ziren emaitzarekin; "guk oso gustura jo genuen", dio.

Kontserbatorioko bandan eta orkestran ere aritzen da; aste honetan Azpeitiko Musika Bandarekin jo behar du; Tirri Tarrarekin Sotto Voce orkestrako kide bezala ere jo izan du eta, gainera, Sahatsa eta Kresala dantza taldeetan dabil.

Handik eta hemendik, dena egiteko denbora badu Bereziartuak: "Antolatuta. Denbora libre gutxi izanda ateratzen dut denerako tartea; lagunekin ere ez naiz denbora gehiegi egoten...".