Juan Miguel Gutierrez zuzendariak 'Angor' dokumentala aurkeztuko du

Uztarria.eus 2008ko api. 15a, 21:04

Munduko hainbat kulturatan heriotza ikusteko duten modua azaltzen da

Euskal zuzendariaren zazpigarren lana da, eta ostiralean ikusteko aukera izango da, Betharrametan

Juan Migel Gutierrez zuzendaria (Errenteria) Azpeitian izango da, Zine Klubak gonbidatuta, eta bere azken lana aurkeztuko du: Angor. Bertan, heriotza gertutik ikusten duen gizaki baten barne bidaia egiten du, munduko hainbat kulturatan heriotza ikusteko duten modua azalduz.

Zuzendariaren zazpigarren lana da hau. Haren hitzetan, "pelikula ikusten duten ikusleek bi erako erantzunak izaten dituzte; batzuk pelikularekin guztiz liluratuta gelditzen diren bitartean, beste batzuek erabat arbuiatzen dute".

Gutierrezek bost urte pasatu zituen Espainia, Txina, Japonia, Kolonbia, Tunisia eta Maroko bezalako herrialde ezberdinetako hilerrietan irudiak hartzen. Erlijio ezberdinetako hileta elizkizunak grabatzeko aukera izan zuen eta, horrela, hiru erlijio monoteistek heriotzaren momentua nola bizitzen duten azaltzen duen dokumentala produzitu ahal izan du.

Ostiralean ikusteko aukera izango da, 22:00etan, Betharram aretoan.

Gutierrezi Berria-n egindako elkarrizketa hemen