T-ren izpiritua, 'Txorietxe'

Urola Kostako Hitza 2008ko api. 14a, 11:04
T musika taldea osatzen duten lau musikariak, zuzeneko emanaldi batean.

Urrestillako Triku Musika Elkartearen lokaletan jarduten duen T taldeak lan berria kaleratu du: Txorietxe diskoa

Horrez gainera, musika taldearen webgunea jarri dute martxan

T musika taldea 2004an sortu zuten Aitor Bengoetxea Ondarru-k, Aitor Bereziartua Atxuiya-k, Jon Iraetak eta Gorka Alberdik, Urrestillako Triku Musika Elkartearen lokaletan. T taldekoak aurretik beste hainbat musika taldetan ibilitakoak dira: Fundiziyue, Zilbor Hesteak, Zikupa, Mesias Berriak, Tiobibo, Salario Minimo, Ehun ginen... 2005aren hasieran, taldearen lehen lana grabatu zuten Josu Zubizarreta herrikidearekin: maketa bat. Ondoren, hurrengo lana prestatzen hasi ziren, diskoa. Emandako fruitua kaleratu berri duten Txorietxe diskoa izan da, hain zuzen ere.

Lau dira taldeko musikariak, baina bosgarren lagun bat ere jardun da talde-lanean: Xabi Azkune. "Diskoa prestatzen Xabi Azkunerekin hasi ginen. Lan honetan taldeko beste bat bezala izan da; esan dezakegu proiektu hau bost pertsonen artean egin dugula, lau musikariok eta Xabik", dio Bereziartuak. Izan ere, Azkunek grabatu du diskoa, eta zuzenekoetan ere gertu izaten dute musikariek. "Kantuak egiteko orduan aholkuak eman dizkigu Azkunek, baita grabaketan ere".

T taldeak aurrera segi edo ez ikusteko maketa ateratzea erabaki zuten aurren-aurrena. "Zerbait egiteko asmoarekin eta gogoarekin elkartu ginen taldekoak. Maketa aurrera jarraitu edo ez ikusteko egin genuen. Atera genuen, nahiko ondo gelditu zen, eta etxean kopia batzuk egin genizkion, zabaltzeko". Gustura gelditu ziren emaitzarekin, pare bat kontzertu ere eman zituzten eta lan berriari ekin zioten Tkoek.

Gustura bai maketarekin, baina ez zen «benetan egitea» nahi zutena. Diskoa ateratzeko denbora gehiago hartu dute: "Guk gure martxan egin dugu diskoa. Beti nahi izaten da azkarrago egitea, baina gure martxa normalean joan da lan berria".

Lokaletik ukuilura grabatzera

Kantak prestatzeko dezente denbora behar izan dute Tkoek, "kantei buelta asko eman dizkiogulako". Behin kantuak eginda, grabatzeari ekin behar. Hori nola egin nahi zuten ere garbi zuten taldekideek: "Kantak grabatzeko ez genuen estudio batean sartu nahi, denok batera joaz grabatu nahi genuen. Geure erara. Entseguetan lokalean lortzen genuen soinu hori lortu nahi genuen diskoan ere. Kalitateari baino izpirituari garrantzia handiagoa eman diogu".

Hala, Beizamako baserri bateko ukuiluan grabatu dute diskoa. "Lagun baten baserrira joan ginen eta ukuilu zahar batean, asteburu batean traste guztiak muntatu eta estudio txiki bat balitz bezala jarri genuen; han grabatu genuen", kontatzen du Bereziartuak. Azken ukituak, berriz, Urrestillako musika taldeen lokaletan eman dizkiote grabazioari.

Nahi zuten horren bila joan ziren Beizamara, baita lortu ere. "Gustura gelditu gara egindakoarekin, agian ez du kalitate on-ona izango, baina nahi genuena egin dugu".

Lan berria jendaurrera

Doinuak eta kanten hitzak T taldekoek egindakoak dira. Guztira, 11 kanta jaso dituzte Txorietxe-n. Horietatik bat berezia da benetan, gainera: "DJ Amsiak gure kantu batekin nahasketa bat egin du. Azken batean, bere kanta da, gureari buelta osoa eman diolako. Gu emozionatuta gelditu gara, egin duen lana izugarria izan delako", azaldu dute.

Diskoa egin bai, baina gero ezagutzera eman behar. Dagoeneko lan berria aurkezteko hiru kontzertu eman dituzte, azkena larunbatean Azpeitian. "Kontzertua jo eta gero, ematen du jendea gustura gelditu dela. Baina egia esateko, jendearen esanari ez diogu kasu gehiegirik egiten".

Diskoa ateratzearekin batera, taldearen webgunea ere sortu dute Tkoek: www.tband.es. Zer egiten duten ere entzun daiteke sarean, bi kanta entzuteko eta jaisteko moduan jarri dituztelako. "Kantak doan jaisteko moduan jarri nahi ditugu. Oraindik bi besterik ez daude, baina pixkanaka gehitzen eta osatzen joango gara".

Taldea eta egiten dutena ezagutaraztera emateko tresna izatea nahi dute webgunea. "Disko bat egiteko kantuak osatzeko zain egon beharrean, egiten joaten garen guztia sarean jarri nahi dugu, webgunearen bidez. Horrela gauzak freskoago kaleratuko ditugu. Gainera, diskoa banatzeko modu bat ere bada hori".

Creative Comuns-en bidez egin dute diskoa, baita webgunea ere. Hala, copiright-a eduki beharrean, kopiak egiteko aukera ematen dute: "Lana gurea da eta hala erregistratuta dago. Baina baimena ematen dugu kopiak ateratzeko, internetetik jaisteko, irratietan edota tabernetan jartzeko...".

Orain diskoa ezagutzera emateko gogoa dute Tkoek, "ea kontzerturen batzuk ateratzen zaizkigun". Horrez gainera, beste hamaika proiektu dituzte buruan Tkoek.

Diskoa

Musika taldea. T taldea.

Diskoa. Txorietxe.

Kantak. 11 kanta.

Ale kopurua. 300 ale aterata.

Prezioa. 10 euro.

Saltokiak.

  • Azpeitia: Korrale eta Etxe Zuri tabernetan.
  • Azkoitia: Zurt eta Atraskua tabernetan.
  • Zestoa: Uztapide tabernan.
  • Taldearen web orrian.

Webgunea. www.tband.es