Espaloi berria egingo dute Perez Arregin

Urola Kostako Hitza 2008ko api. 8a, 11:04
Espaloia eraberritzeko lanak.

Alde zaharra eraberritzeko egiten ari diren lanen baitako obra bat dela azaldu dute Udaleko arduradunek

Espaloi berria zabalagoa izango da, 2,15 metrokoa

Perez Arregi plazatik Soreasu auzora bitartean espaloi berria egiteko lanak hasita daude dagoeneko. Espaloi berria zabalagoa izango da, 2,15 metro zabalerarekin. Lehen, espaloi gainean autorik ez aparkatzeko piboteak jarri zituen Udalak, behin behinean. Orain, ordea, espaloia eraberritzea erabaki dute udal arduradunek. Bi arrazoigatik hartutako erabakia dela esan dute: "Eremu hori alde zaharraren zati gisa hartzen dugu. Alde zaharra eraberritzen ari gara eta gune horretan ere lanak egingo ditugu. 60.000-80.000 euro bitarteko kostua izango du". Bestetik, berriz, oinezkoentzako espaloi "duin" bat egin nahi dutela diote.

Maiatzean lanak bukatuta

Perez Arregitik Soreasura bitartean egiten ari diren lanak maiatzaren erdialderako bukatuta egotea espero dute Udalekoek, "hilabete inguruko lanak izango direlako".

Orain, espaloia berrituko dute, baina gero lehen gasolindegi txikia zegoen tokia eraberrituko dutela azaldu dute.