Gazia eta gozoa, elkarren eskutik

Urola Kostako Hitza 2008ko api. 5a, 14:04
Goiko argazkian, jendea kiroldegiko harmailetan etxebizitzen zozketa noiz hasiko zain. 2.enean, Udalekoak eta alkateak. 3.enean, Gazte Asanbladakoak eskuorriak banatzen. 4.enean etxebizitzen zozketarako zenbakiak kutxetan sartzen.

Etxebeltz-Izarrako babes ofizialeko 154 etxebizitzak zozkatu zituzten atzo, ostirala, arratsaldean. 559 herritarrek zuten izena emanda

Azpeitiko Gazte Asanbladaren ustez, zozketa "arazoa konpontzen ez duen partxeoa da"

Azkenean iritsi da zozketa eguna. Etxebeltz-Izarrako lur eremuan eraikiko dituzten Babes Ofizialeko Etxebizitzen lehen zozketa eguna. Behin betiko zerrendan, 559 lagun eta 154 etxe zozkatzeko. Atzo (apirilak 4, ostirala)e zen hainbatek desiratutako egun hori. 18:00etan jarri zuten hitzordua udal arduradunek, Kiroldegian. Ordu erdi falta zela, 17:30erako hasi zen jendea iristen Kiroldegira. Bakarka, lagunekin, bikoteka edota familiak lagunduta sartu zen jendea Kiroldegira. Sartu orduko batzuk tabernara, beste batzuk, berriz, harmailetara, zain-zain egoteko tokia hartzera. Herritarrak urduri zeuden, batzuk behintzat hala esaten zuten; beste batzuei aurpegian antzeman zitzaien.

Etxebeltz-Izarra eremuan eraikitzen ari diren 154 etxebizitza zeuden jokoan, 120.000-126.000 euro inguru kostatuko direnak. Kiroldegira sartzen zirenei euskuorriak banatzen Azpeitiko Gazte Asanbladakoek ibili ziren, etxebizitza eskubidearen eta etxebizitza politika berri baten aldeko aldarria eginez.

18:00ak gerturatzen eta gero eta herritar gehiago ari zen Kiroldegiko harmailetan pilatzen. Goiko harmailetan bildu ziren gehienak, aurreko ilaratan jartzeko ausardiarik edo gogorik gabe. Goi-goian tente ere jende piloa.

Ahoz euskaraz

18:00ak jo orduko hasi zen zozketaren prozedura. Euskara hutsean egin zuten guztia, baina aurretik prozedurari buruzko azalpenak gazteleraz idatzitako eskuorrien bidez banatu zituzten jende artean Azpeitia Lantzeneko ordezkariek.

Eskuorriak banatu eta ahoz prozeduraren berri eman ondoren, zozketarako zenbakiak banan banan sartu zituzten bi kutxatan. Bi zozketa egin ziren: batean, mugikortasun mugatua dutenentzako zazpi etxebizitza zozkatu ziren; eta, bigarren zozketan, gainontzeko etxebizitzak. Zenbakiak kutxatan sartzeko prozedurak luze jo zuen; orduan jende asko Kiroldegiko tabernara joan zen berriro, nerbioak lasaitu nahian edo.

.19:15ak ziren zozketa hasterako, eta harmailetan bildutakoek txaloka erantzun zuten. Zerrendetan izena bakarka emanda zutenek, zenbaki bana zuten. Bikote bezala emandakoak, berriz, zozketarako bi zenbakiren jabe ziren; eta seme-alabadun famili bakoitzarentzat hiru txartel zeuden. Aukerak aukera, jendearen zurrumurruak areagotzen joan ziren Kiroldegiko harmailetan.

Zerrendak ikusgai

Zozketa ondorengo behin behineko zerrendak hainbat lekutan jarriko dituzte eskuragarri gaurtik aurrera: Udalaren web orrian (www.azpeitia.net) eskegiko dituzte eta gaur bertan udaletxeko beheko solairuan jarriko dituzte. Astelehenetik aurrera, berriz, Azpeitia Lantzenen bulegoan ere izango dira.

Etxea egokitu zaienek gutun bat jasoko dute, etxea aukeratzeko egun eta ordu bat jakinaraziz.

Zozketa "arazoa konpontzen ez duen 'partxeoa'" dela salatu dute

Atzo, ostirala, kiroldegian egin zen Izarra-Etxebeltzeko Babes Ofizialeko Etxebizitzen zozketaren harira, etxebizitza politika berri bat eskatu diote Gaztetxeko Gazte Problematikako lan taldekoek gaur egungo Udal Gobernuari. Aldarrikapenaren berri zozketan bertan eman zuten. "Babes Ofizialeko Etxebizitza hauen zozketa arazoa konpontzen laguntzen ez duen partxeoa izan da. Tokatu zaiona gustura eta tokatu ez zaiona hor konpon".

Ehunka lagun gutxieneko baldintzak ez betetzeagatik zozketatik kanpo gelditu izana ere salatu zuten gazteek. "Eskubideak bermatuak izateko baldintzak bete behar al dira? Nola bermatuko zaio Azpeitiko gazteriari eskubide unibertsal hau? Zer irudituko litzateke ikasteko edota sendatzeko eskubide unibertsalak ere zozkatzea?", galdetu dute.

Hala, etxebizitza politika berria egiteko eskatuko diote Udal Gobernuari, "garai berriei egokituko zaiona: gaur egungo familia ereduak, soldatak, lan kontratuak eta abar kontuan hartuko dituena".

Saldu beharrean alokatu

Gazteen ustez, etxebizitzak saldu beharrean alokatu egin beharko lirateke. "Zozkatu diren etxebizitzak diru publikoarekin eraikitakoak izan dira hein handi batean eta saldu egin dituzte. Zergatik saldu? Jar ditzatela alokairuan, jendeari bere ahalmenaren eta beharren araberako etxe batean bizitzeko aukera emanez". Gazteek Europa iparraldeko hainbat estatutako etxebizitza politikak eredu bezala proposatu dituzte.

Gainera, Udalaren esku geldituko diren 40 etxeak alokairuan jartzeko "exijitu" diote Udalari, "etxebizitza publikoen parkea osatzen hasteko". Gazteen ustez hori da behar duenari etxe bat bermatzeko bidea, "argi baitago jabego pribatuak gehiegizko prezioak, espekulazioa eta abar dakartzala, eta arazo honekin behin betiko bukatzeko bidea alokairuaren aldeko politika egitea dela".